Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Udalerri Euskaldunen Mankomunitateko (UEMA) kide diren hainbat udal nafarretako ezker abertzaleko ordezkariek prentsaurrekoa eman zuten astelehenean, tartean zen Arbizuko zinegotzi Gorka Iriarte. Ezker Abertzaleko kideek agerraldian adierazi zutenez, "hizkuntzaren etorkizuna eta benetako normalizazioa bermatzeko, euskarak nagusi izanen den lur-gunea behar du. Euskara nabarmenki nagusi den udalerriek lur-gune hori osatzeko bidean munta handiko urratsak ematen ahal dituzte eta hauetako lehena elkartzea da". Hori UEMAren "funtsa" dela eta horregatik direla partaide azpimarratu zuten. Aldi berean, "euskararen geroa bizkortzeko bidean denen lana beharrezkoa" dela azpimarratu zuten eta "Nafarroatik udalerri euskaldun guztiei UEMArekin bat egin dezaten gonbitea luzatu" zieten. Bestalde, ezker abertzaleko ordezkariek azpimarratu zutenez, "Nafarroako egoerak gure udalen erabakiari indar handia ematen dio". Azpimarratu zutenez, "UPN-PSNk osaturiko boteretik sustatzen den politika euskararen desagerpenerako" da. Hizkuntzari buruzko Nafarroako legediarekin eta haren ondorioekin kritiko azaldu ziren. Horren aurrean, "ofizialtasuna" aldarrikatu zuten, "etorkizuna bermatu ez arren, aurrera egiteko ezinbestekoa baita". Azkenik, ezker abertzaleko kideek esan zutenez, "euskalgintza eta herri mugimenduak helburu horren inguruan lan egin behar" dutela.