Herrian abian! plataformak bere burua aurkeztu zuen

Guaixe 2009ko martxoaren 24a

Pasa den asteazkenean Etxarri Aranazko kultur etxean hamabost bat pertsona bildu ziren Herria abian! plataformaren ibarreko aurkezpenean. Aipatu plataforman biltzen dira gazte, etorkin, lan, emakume, ekologia, langabetu eta bestelako erakundeetan aritzen diren pertsonak. Guztiek ere "aldaketa sozialaren alde eta krisia delakoaren aitzakian Euskal Herriko herri sektoreok pairatzen ari garen erasoaldi atzerakoiari aurre egiteko" sortu zuten plataforma. Etxarri Aranazko aurkezpenean azaldu zutenez, plataforma "egungo eredu ekonomikoak dakartzan kalteak lehen planoan kokatu, eredu kapitalista patriarkala auzitan jarri eta justuago izanen den eredu sozial berri baten alde apustua egiten laguntzeko tresna" da. Pasa den asteazkeneko aurkezpenaren ondoren plataforma Sakanan gorpuzteko lana hasiko dute aurkezpenera bertaratu zirenek.