Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ikastetxeetako matrikulazio epea despeditu berritan, astelehenean Euskal Herrian Euskarazko (EHE) kideek prentsaurrekoa eman zuten. Talde euskaltzaleko kideek nabarmendu zutenez "Sakanan euskaraz ikasteko eskubidea ez dago bermaturik, Nafarroako Gobernutik A eta B ereduak inposatzen direlako". EHEk Nafarroako Gobernuari leporatu zion "ikasle askoren hizkuntza eskubideak bermatzearen aukera luzatzea". Mankomunitateak emandako datuak gogora ekarriz, nabarmendu zuten "%24 ikasle inguru ikastetxeetatik euskaldundu gabe aterako" direla. EHErendako hori "eskubide urraketa" da. Hala ere, "gizartean, hezkuntzari begira, euskararekiko kontzientziazioa ematen ari dela" ikusten dute erdal ereduetan matrikulazioa behera egiten ari delako. Ibarreko ikastetxe publikoetan "eredu euskaldunetara bideratzearen apustuaren eta lan handiaren ondorioz aurki ditzakegun datuak" azpimarratu zituzten euskaltzaleek, nabarmenduz, "ikastetxe horietan egiten duten lana beharrezkoa da, gutxinaka eredu erdaldunen desagertzea baitakar". Azkenik, gurasoak seme-alabak euskarazko eredutan matrikulatzera animatu zituzten.