Zortzi udalek finantzazio berria eta gizarte-obrak egitea eskatu dute

Guaixe 2009ko martxoaren 25a

Asteazkenean Irurtzun, Uharte Arakil, Etxarri Aranatz, Bakaiku, Urdiain, Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko udal ordezkariek (NaBai eta independenteak) prentsaurrekoa eman zuten. Agerraldian eskatu zuten "udalen autonomia ekonomikoa ekarriko duen finantziazio sistema berria".  Prentsaurrekoan adierazi zutenez, finantzazio politika "txarraren" ondorioz udalek "arazo handiak dituzte ohiko aurrekontuak aurrera eramateko". Prentsaurrekoa eman zuten udal ordezkariek esan zutenez, "udalek gero eta zerbitzu gehiago eskaini dituzte, urtez urte handitu dira eta horrek ohiko aurrekontuetan eragin nabarmena izan du". Salatu zutenez, "Nafarroako gobernuak haiek martxan jartzeko diru-laguntzak ematen ditu, baina gero deialdiak izoztu, murriztu edo desagerrarazi ditu, zerbitzu guztiaren karga udalen bizkar utziz". Udalen aurrekontuak ixteko zerbitzuak bertan behera uztea edota herritarrei tasak nabarmen igotzearen kontra azaldu ziren, "berriz ere, betikoek jasan beharko dituztelako egoera txar horien ondorioak. Oinarrizko zerbitzuetan, kokapen geografikoagatik, 1. eta 2. mailako biztanleak izatea ezin dugu onartu".  SarrerakUdaletako ordezkariek esan zutenez, toki administrazioen "diru iturri nagusia etxebizitza berrietatik eratorritakoa izan da. Horrela salbatu izan dugu egoera irregular hori", baina "sarrera horrekiko mendekotasuna sortu da eta horrela estali da guztiok ezagutzen genuen errealitate bat, eraikuntzaren krisiak agerian utzi duena". Egoera honetan udal batzuek inbertsioak ez egiteko "arriskua" dagoela esan zuten, baita zerbitzuak mantentzeko udalak zorpetzeko aukera dagoela. KritikakAstelehenean bildutakoak oso kritiko agertu ziren gobernu ardurak dituzten UPN eta CDNrekin eta haien "bazkide" PSNrekin. Azpimarratu zutenez, "Nafarroako udal gehienok egoera hau jasaten ari gara" eta salatu zutenez, "udalei ohiko gastuei aurre egiten lagunduko dien neurri bakar bat ere ez dute hartu".  Zortzi udaletako ordezkarien ustez, krisi egoerari aurre egiteko "Nafarroako Gobernuaren asmoa eraikuntza sektorea, batik bat enpresa txikiak, sustatzea bada eta ez higiezinen-pilotakada, gizarte-obrak eskaini beharko ditu". Udaletako ordezkariak prest azaldu ziren hezkuntza eta osasun arloko lanetarako (0-3 zikloak, ikastetxeak handitzea, musika eskolak...) "lurra dohainik emateko". Udal ordezkarien ustez, "neurri horiek eraikuntza alorra sustatuko lukete eta etorkizunera begira enplegua sortuko litzateke". Nafarroako Gobernuaren hainbat neurrirekin kritiko agertu ziren zortzi udaletako udal ordezkariak: Babestutako Gizarte Enplegu eta langabetuak kontratatzeko laguntzen saila ez handitzeagatik; lau urteko planaren bidez premia gehien dagoen urtean, aurten, apenas lanik ezin egitea; lau urteko planeko udalendako erabilera askeko funtsa estatuarena baino "askoz txikiagoa" izatea; 0-3 ziklorako diru-laguntzak "gastu errealaren oso azpikoa izatea" edo ikastetxeak berritzeko laguntza deialdirik ez egitea. Azken batean, "herritar gehienendako onuragarriak izanen diren alor sozialen inguruko politika kementsuen alde egitea" eskatu zioten Nafarroako Gobernuari.  Agerraldian izan ziren Manuel Goikoetxea eta Joaquin Uharte (Uharte Arakil), Epifanio Marin (Olatzagutia), Migel Anjel Zubiria (Urdiain), Jesus Arrese (Ziordia), Alfredo Zelaia (Bakaiku), Txiki Iriarte (Irurtzun), Maider Goñi (Etxarri Aranatz) eta Unai Hualde (Altsasu).