Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskal Kantuzaleen Elkarteak antolatuta, martxoaren 6an mustu zen 2009ko Haur Kantari Jaialdia. Hilabete osoan Nafarroako haur eta gaztetxoen ahots goxoez gozatzeko aukera eduki dugu. 4 asteren ondoren, igande honetan despedituko dute 2009ko jaialdia, 11:30ean hasita, Iruñeko Gaiarre antzokian.Euskal Kantuzaleen Elkarteak Antsoain, Tutera, Altsasu eta Elizondoko saioetan parte hartu duten 21 bakarlari, bikote edo talde gonbidatu ditu bukaera saiora. Horien artean egonen dira Sakanako 5 talde. Txikien banakako eta bikoteen artean Sakanak ez du ordezkaririk izanen, bai ordea taldeetan. Atzera ere Lakuntzako musika eskolako txikien Sekretuak kantuarekin eta Altsasuko Zelandi eskolako txikien Hitz galduak kantuekin gozatzeko parada izanen dugu. Gaztetxoei dagokionez, Altsasuko Jone Diaz eta Jaione Rubio sailkatu dira, Mugimenduan abestiarekin, eta Altsasuko Zelandi eskolako Oskola taldea, Txokolatea kantuarekin. Kantu zaletasunaUrtetik urtera Euskal Kantuzaleen Elkarteak Haur Kantari Jaialdia antolatzen du Nafarroako Lehen Hezkuntzako eta Bigarren Hezkuntzako haur eta gazteen artean euskal kantu tradizioa bultzatzeko asmoz. Beste behin ere, jaialdiak agerian utzi du Sakanako gazteen kantu-zaletasuna. Martxoaren 20an Sakanako 12 talde igo ziren Altsasuko Iortia kultur etxeko oholtza gainera, Lakuntzako 7 eta Altsasuko 5. Horiekin guztiekin arratsalde ederra pasatu zuten kultur gunean bildu zirenek. Kantu zaleek aukera berria dute datorren igandean. Egunean bertan eskuratu ahal izanen dira sarrerak Gaiarre antzokian.