Atzo amaitu zen Kulturako Principe de Viana Sarietarako hautagaiak aurkezteko epea. Nafarroako prentsan agertu denez, bi sakandar daude hautagaien artean, Agustin Gonzalez de Acilu altsasuarra eta Lorenzo Ondarra bakaikuarra. Bi musikagile sakandarrekin batera ageri dira Jesus Maria Muneta musikaria eta Bilaketa kultur elkartea. Nafarroako Gobernuak 1990an sortu zuen Principe de Viana Saria, Nafarroako norbanako, talde edo erakundeek kulturan egindako lana aitortzeko helburuarekin. Esan beharrik ez dago Agustin Gonzalez de Aciluk eta Lorenzo Ondarrak leku nabarmena egin dutela Nafarroako musikaren historian. Gonzalez de AciluAgustin Gonzalez de Acilu 51ko belaunaldiko musikagile ezagunenen artean dugu. 80 urte bete berri dituen honetan, lanerako gogotsu jarraitzen du musikagile altsasuarrak. Horren adierazle da mustu berri duen Bigarren Sinfonia. Soinu-errealitate berrien bilaketak markatu du Gonzalez de Aciluren ibilbide musikala. Bere obretan hari fin batek uztartzen ditu musika tonal eta atonala eta elementu kulturalen subjektibotasunarekin ere jolas egin du. Bere pentagrametan bat egiten dute musika garaikideko dodekafonismo edo nota-multzoek eta idazkera tradizionalak. Musikaren Sari Nazionala jaso du 1971n eta 1998an. Ars Incógnita Fundazioak aurkeztu zuen bere hautagaitza. Orain gutxi jakinarazi genuenez, erakunde hau musikagile altsasuarrari buruzko dokumentala egiten ari da. Fundazioak 100 bat lagunen babesa izan du, besteak beste, Moneo arkitektoarena, SGAErena edo Aurelio Sagasetarena. Lorenzo Ondarra Nafarroan ez da egonen Bakaikuko musikagilearen obrak ezagutzen ez dituen abesbatzarik. Hain zuzen, Lorenzo Ondarra da Nafarroako abesbatzek estreinatutako obra gehien dituen gaur egungo konpositorea. Horregatik, Principe de Viana Saria jasotzeko izendatu du Nafarroako Federazioko lehendakari Carlos Gorrichok.77 urteko kaputxinoak ez du eten bere lanean eta oraindik ere bere obrak estreinatzen dira. Urte horietan guztietan konposizio estilo propioa lortu du. Zenbait konposizio sari jaso ditu, baita Arte Ederren Sari Nazionala ere (1991).