Iñaki Zubeldiak eta Estibaliz Jalonek irabazi dute III. Etxepare Beka

Guaixe 2009ko apirilaren 2a

Martxoaren azken egunean eman ezagutzera 3. Etxepare Bekaren irabazlea. Iñaki Zubeldia idazlearen eta Estibaliz Jalon ilustratzailearen Katalina txitxarra albumak jaso du 6.000 euroko saria. Nafarroako Udaletako Euskara Zerbitzuek, tartean Sakanako Mankomunitatekoak, antolatzen dute Etxepare Beka, euskarazko album ilustratuen sorrera bultzatzeko helburuarekin. Sariaren edizio berria martxan dago dagoeneko.Animalien munduari buruzko fabulaZergatik du katalingorriak kolore hori? Zergatik egiten du salto matxinsaltoak? Galdera horiei erantzuten die Iñaki Zubeldia eta Estibali Jalonen proiektuak. Epaimahaiak bi egileen arteko lanaren uztarketa azpimarratu du, testuaren eta marrazkiaren arteko oreka. "Testuak esaten ez duena marrazkietan aurkitzen da" adierazi zuen Patxi Zubizarreta epaimahaikideak. Harekin batera, Arrate Egaña idazleak, Aitziber Alonso eta Mikel Valverde ilustratzaileek osatu dute epaimahaia. 17 proposamenen artean onena izendatu zuten Katalina txitxarra. Iñaki Zubeldiak eta Estibaliz Jalonek behin baino gehiagotan lan egin dute elkarrekin. Udazkenean kaleratutako da haien album berria, 3. Etxepare Bekaren irabazlea. Pamiela argitaletxeak argitaratuko du euskaraz eta Galiziako Faktoria K argitaletxeak gaztelaniaz eta galegoz. Irabazleek 6.000 euro jaso dituzte egile eskubideen aurrerapen gisa. Euskaraz sortutako albumak sustatzekoLiburutegietako haurren txokoetan presentzia berezia dute albumek. Euskaraz ere franko argitaratzen dira, baina horietan gehienak itzulpenak dira eta ez euskaraz sortuak. "Euskal literaturak abandonatutako eremua izan da album ilustratuarena, oso zaila delako horrelako liburuak argitaratzea" esan zuen Patxi Zubizarretak sariaren banaketa ekitaldian,"baina lurralde erakargarria da, helduak eta haurrak erakartzeko oso eremu interesgarria".  Euskaraz sortutako album ilustratuek bultzada bat behar zutelakoan, 6.000 euroko sari tentagarria sortu zuten Nafarroako Udaletako Euskara Zerbitzuek elkarlanean. Era berean, alor honetan Euskal Herriko literatur sarietan zegoen hutsunea estali nahi izan dute. Saria ematera mugatu ordez, saritutako lana Pamiela argitaletxeak argitaratzen du euskaraz, eta Faktoria K de libros argitaletxeak gaztelaniaz eta galegoz. Era horretan, euskarazko albumen sorrera laguntzeaz gain, euskal sortzaileak Euskal Herritik kanpo ezagutarazteko aukera ona ere ematen du. Etxepare Beka 2004 sortu ziren Etxepare Literatur Sarien ondorengoa da. Aurrerantzean Etxepare SariaNafarroako Euskara Zerbitzuak haurrendako album ilustratuak saritzen jarraituko dute. Beka zena, sari izanen da aurrerantzean: Etxepare Saria. Beraz, egileek amaituta bidali beharko dute lana. Dagoeneko indarrean dago edizio berria. Urtearen amaiera arte, azaroaren 30era arte, irekita dago albumak aurkezteko epea. Interesatuek www.etxeparesaria.net orrian dituzte lehiaketaren oinarriak. AntolatzaileakNafarroako Udaletako Euskara Zerbitzuek antolatzen dituzte Etxepare Sariak. Entitate horiek dira egitasmoarekin bat egin dutenak: Auritz, Erroibar eta Luzaideko Udalak, Barañaingo Udala, Baztango Udala, Berriobeitiko Udala, Berriozarko Udala, Bortzirietako Euskara Mankomunitatea, Burlatako Udala, Esteribarko Udala, Garesko Udala, Nafarroako Iparraldeko Euskara Mankomunitatea, Lizarrako Udala, Malerrekako Mankomunitatea, Orkoien, Oltzako Zendea, Etxauri eta Bidaurretako Udalak, Sakanako Mankomunitatea, Uharteko Udala, Zaraitzu eta Erronkariko Batzorde Nagusiak eta Zizur Nagusiko Udalaren Kultur Patronatua.Entitate horiek Nafarroako Gobernuaren laguntza izan dute, baita Pamiela eta Factoria K de libros argitaletxeena ere.