Gaur mustuko dute Artea Oinez 09

Guaixe 2009ko apirilaren 3a

Iruñeko Gotorlekuko Armen Aretoak 2009ko Nafarroa Oinez-en Arte Erakusketa hartuko du hilaren 10era arte. Gaur, 19:00etan, eginen dute erakusketaren mustutze ekitaldia. Bihartik aurrera, arte erakusketaz gozatzeko aukera izanen dugu, Iruñeko Gotorlekuko Armen Aretoan, astelehenetik larunbatera, 18:30etik 21:00etara, eta igande eta jai egunetan, 12:00etatik 14:00etara.Maila goreneko arte erakusketak 71 artelan bilduko ditu, margolanak nahiz eskulturak. 67 artisten laguntzari esker antolatu du erakusketa. Bakoitzak bere estilo eta teknika erabilita ere, artearen hizkuntza unibertsala partekatuko dute. Beti bezala, artista sakandarrak ez dira faltako. Hain zuzen, horietako bati, Jose Ramon Anda bakaikuarrari esker onak eman nahi izan dizkie 2009ko Nafarroa Oinezek eta Nafarroako Ikastolen Elkarteak, euskal kulturari egindako ekarpenengatik. Gogoan izan behar da lehenengo Nafarroa Oinezen logoa Bakaikuko eskulturagileak egin zuela. Arte erakusketak Donostiarako bidea hartuko du ekainean. Irailaren amaieran, berriz, Sakanara iritsiko da, Altsasuko Iortia kultur etxera.