Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Urteko hitzorduari huts egin gabe, hemen da Iruñeko Amaiur dantza taldeak antolatutako folklore jaialdia. Iruñeko dantza taldearen deiarekin bat eginda, Euskal Herri osoko hamaika dantza talde eta musikari bilduko dira Iruñerrian, apirilaren 4an eta 5ean. Horien artean egonen dira Uharte Arakilgo Galtz-Orratz eta Lakuntzako Elai-Alai dantza taldeak eta Lakuntzako akordeoilariak. Gonbidatu bereziak ere egonen dira: Lapurdiko Zurairetik etorritako Alaiki taldea, herrialde Katalanetako Colla Bastonera de Sants eta Irlandako Belfast hiritik etorriko den Kennedy Irish Dance taldea.Larunbatean, goizeko 11:00etan emanen diote hasiera festari, Iruñeko Errekoletas plazan, dantzari txikien harrerarekin. Jarraian, txikien kalejira eginen dute alde zaharrean barna. Burgoen plazan despedituko dute kalejira, txikienen erakustaldiarekin. Bazkalostean jaiarekin segitzeko parada izanen da, herri kirolekin eta dantzaldiarekin. 20:00etatik aurrera giro aparta jarriko dute gonbidatu bereziek. Igandean, Uharte-Iruñeak hartuko du txanda. Lapurdi, Katalunia eta Irlandako lagunekin eta Uharteko dantza taldeekin goiz atsegina pasatu ahal izanen da. Gaur Irlandar dantzak IrurtzunenKennedy Irish Dance taldeko dantzariak Irlandako dantzen munduko txapeldunak dira. Maila horretako dantzariak inguruan zirela baliatuz, Amaiur dantza taldeak Irurtzungo Udalaren laguntzarekin, emanaldi berezia antolatu du Irurtzungo kultur etxean, gaur arratsalderako. Belfasteko taldeak Euskal Herrira egiten duen lehen bidaia da eta bere dantzak ezagutarazteko gogotsu agertu dira. Iluntzeko 20:00etan hasiko da ikuskizuna. Helduen sarrerak 3 euro balioko du. Haurrendako, berriz, doan izanen da.