Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako aurre kanporaketak

Guaixe 2009ko martxoaren 30a

12 aizkolari ariko dira, guztira, Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketan: 2008ko txapelketan sailkatutako lehen zortziak - Nazabal txapelduna, Larretxea, Arria V.a, Lopez Azpilikueta, Olasagasti eta Arrospide - ; antolakuntzak gonbidatu duen Mikel Mindegia; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako txapeldun Zubiaga, Atutxa II.a eta Azurmendi; eta aurre kanporaketa fasean sailkatuko diren bi aizkolariak.Izan ere guztira 63 aizkolarik eman dute izena Egur Sport enpresak antolatutako Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketarako, eta antolakuntzak, guztiei aukera eman nahian, 5 aurre kanporaketa antolatu ditu, eta aurre kanporaketa horietan sailkatzen diren bi aizkolari onenak ariko dira Banakako Txapelketan. Bada, lehendabiziko aurre kanporaketa atzo eguerdian jokatu zen Arbizuko kiroldegian, Korrika Kulturalaren barruan, harmailak leporaino beteta zeudela. Zortzi aizkolari aritu ziren: Anjel Eraso (Salinas de Oro), Beñat Lekue (Bizkaia), Urtzi Olasagasti (Gipuzkoa), Aritz Oregi (Bizkaia), Xabier Zaldua (Gipuzkoa), Goizeder Beltza (Etxarri Aranatz), Aritz Goñi (Etxarri Aranatz) eta Iñaki Vazquez (Altsasu), azken hirurak sakandarrak.   Denak denen kontra aritu ziren, torneo moduko batean, 45 ontzako enborra moztuz. Guztien artean Goizeder Beltza etxarriarra izan zen nagusi, saioko proba guztiak irabazita, eta bigarrena Eraso, proba bat galduta. Bi horiek eginen dute aurrera, asteburu honetan jokatuko diren aurre kanporaketetan lehiatzeko txartela lortuz. Haien atzetik Iñaki Vazquez, Aritz Goñi, Beñat Lekue, Aritz Oregi eta Urtzi Olasagasti sailkatu ziren. Sakandarrek primerako lana egin zuten, beraz. Beltza, Erdozia eta Amillano UrdiainenAsteburuan beste bi aurre kanporaketa jokatuko dira. Larunbatean, Zegaman, 20:00etan, Zubizarreta, Elorriaga, Mugertza III.a, Esnaola, Rodriguez II.a, Alkizalete I.a, Eraso eta Urtega ariko dira lanean. Igandean, Urdiainen, 12:00etan, ondoko aizkolarien txanda izango da: aurreko asteburuan txartela lortu zuen Goizeder Beltza etxarriarra, Juanjo Erdozia etxarriarra, David Amillano altsasuarra, Rodriguez I.a (El Espinar), Alkizalete II.a (Asteasu), Mendieta (Lemoa), Kañamares III.a (Arostegi) eta Gari Larretxea (Arraioz). Arbizun legez, denak denen kontra ariko dira, torneo moduko batean. Bi kanporaketa horietatik, egun bakoitzeko bi hoberenek lortuko dute laugarren kanporaketarako txartela. Ea hiru sakandarrak zer moduz moldatzen diren.