Rural Kutxaren asteburu bikaina

Guaixe 2009ko martxoaren 30a

Sakanako Rural Kutxa txirrindularitza taldeak asteburu bikaina izan du, bi garaipen eta bigarren postu bat eskuratu baititu. Larunbatean Euskaldun Torneorako baliagarria zen laugarren lasterketa jokatu zen Ororbian, 68. Pascuas de Ororbia zirkuitua, 120 kilometrokoa. Irteera hartu zuten 124 txirrindularietatik soilik 40 heldu ziren helmugara, haizeak eta hotzak izugarri gogortu zuten lasterketaren isla. Hasi eta berehala tropela hautsi egin zen, eroriko batengatik. Girgillanoko igoeran definitzen hasi zen proba, eta Etxuri igo eta azken kilometroak ekitera zihoazenean 14 txirrindularik osatutako taldetxoa iritsi zen helmugara eta guztien artean azkarrena Rural Kutxako Uruguaiko Fabricio Ferrari izan zen, bere taldekide Florentino Marquezen aurrean gailenduz. Bidelango Asier Maeztu izan zen hirugarrena, bosgarrena Rural Kutxako Saez de Arregi eta hamargarrena haren taldekide Guillermo Lana.  Atzo, Bergaran, 34. Gorlako Igoera zuten jokoan 19 urtetik 22ra bitarteko afizionatuek eta Naturgas taldearen lan bikaina baliatu zuen talde bereko Mikel Landak, bukaerako esprintean nagusitzeko. Rural Kutxako Garikoitz Bravoren eta Seguros Bilbaoko Alberto Morrasen aurretik gailendu zen Landa. Laugarrena Rural Kutxako Artur Ariño izan zen. Kantabriatik denboraldiko hirugarren garaipena ekarri zuen Sakanako taldeak, Casar de Periedon jokatutako 120 kilometroko San Lorenzo Sari Nagusia esprintean despeditu eta guztien artean Rural Kutxako Florentino Marquez nagusitu baitzen. Talde bereko Guillermo Lana seigarrena izan zen. Beraz, asteburu bikaina bizi izan du Sakanako taldeak.