Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Euskaltel-Euskadik denboraldiko bigarren garaipena lortu zuen atzo Laudion, 60. Laudioko Sari Nagusia hain zuzen, Portugalgo Algarveko Itzulian Koldo Fernandez de Larreak lortutako garaipenaren atzetik. Samuel Sanchezek lortu zuen atzoko garaipena, bere taldeak egindako primerako lanari esker. Laudion bost txirrindulari sakandar aritu ziren: Euskalteleko Egoi Martinez, Gorka Verdugo, Pablo Urtasun eta Jorge Azanza, eta Caisse d´Epargneko Imanol Erbiti. Ihesaldiak izan ziren Laudioko lasterketaren ezaugarri nagusia. Horrela, 40. minutuan, Altubeko gaina pasa eta gero, Euskalteleko Egoi Martinez etxarriarrak eta Aitor Hernandezek ihes egin zuten, Rock Racingeko Oscar Sevilla eta Tavirako Alejandro Marque Portorekin batera. Tropelarekiko hiru minutuko tartea lortu izan zuen laukoteak, eta tropelean gogor lan egitera behartu zituzten Caisse d´Epargne eta Andalucia, bi taldeek lasterketa esprintean bukatu eta Rojas eta Viciosorekin irabazteko aukera izan nahi baitzuten. Horregatik desgaste asko pairatu zuten bi taldeek. Azken ihesaldiak arrakasta izan zuenPorto izan zen aurreko laukotetik atzean geratu zen lehena. Gero Aitor Hernandezek etsi, eta Sevillak erorikoa izan zuenez, Egoi Martinez geratu zen lehen, bakar-bakarrik, baina helmugarako 20 kilometroren faltan harrapatu egin zuten. Hortik aurrera Euskalteleko gizonek erritmoa azkartu zuten. Malkuartuko azken igoeran David Herrerok ihesaldi saiakera egin zuen eta Losadak eta Euskalteleko Jorge Azanzak segitu zioten, baina azken horiek gehiegi kolaboratu ez zutenez ihesaldiak ez zuen fruiturik eman. Aldiz, Xacobeoko Ezequiel Mosquerak, Euskalteleko Samuel Sanchezek, Fujiko David de la Fuentek eta Andaluciako Angel Viciosok jotako erasoa izan zen arrakasta izan zuena. Garateko azken igoeran Viciosok ezin izan zuen Mosquerak ezarritako erritmoa gainditu eta bidean geratu zen. Samuel Sanchezek ere arazoak izan zituen, baina nahiz eta atzean geratu jaitsieran ihes egindakoekin bat egitea lortu zuen, eta Laudioko helmugan hiruen artean azkarrena izan zen Euskaltelekoa (4:03:58), David de La Fuente eta Ezequiel Mosqueraren aurrean gailenduz. Tropel nagusia 21 segundora sartu zen, Caisseko Jose Joaquin Rojas buru zela. Gorka Verdugo etxarriarra 17. sartu zen, 25 segundora; Caisse d´Epargneko Imanol Erbiti 25., 1:01era; Pablo Urtasun 32., 1:20ra; Jorge Azanza 39., 1:20ra eta Egoi Martinez 66., 6:39ra. Mendiko saria EgoirendakoEuskaltel-Euskadik talde onenaren saria jaso zuen eta Egoi Martinezek mendiko saria eskuratu zuen. Etxarriarra kontentu zegoen taldeak egindako lanarekin eta aipatu zuenez "Samuel ongi zegoenez lasterketa gogortu egin dugu gainontzeko taldeak lan egitera behartzeko, eta horrela, bukaeran Samuelek errematatu ahal izan du". Etxarriarraren irudikoz garaipen baten beharra zuen taldeak. "Oso beharrezkoa den garaipena da, taldea urduri baitzegoen. Gainera, Euskal Herriko Itzulia dator eta moralarendako oso ona da Laudion irabazi izana" nabarmendu zuen.