Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Estatuko B mailako sailkapena oso estu dago eta edozein akatsek postua galtzea dakar. Hori da, hain zuzen, Uharte Arakilgo Aralar Mendiri gertatu zaiona. Asteburuan hiruna berdindu zuen Zizur Nagusiaren kontra eta bigarren postutik hirugarrenera jaitsi dira uhartearrak. Bestalde, Irurtzungo Xotak partida bikaina jokatu zuen eta 4-7 hartu zuen menpean Universidad de Navarra. Kirol Sport taldeak jarraitzen du lidergoan, 55 punturekin. Bigarrenak, RVC-k, 49 puntu dauzka eta Aralar Mendi hirugarren tokian dago, 47 punturekin. Xota laugarrena da, 42 punturekin. Asteburuan 24. jardunaldia dago jokoan eta partida zeharo interesgarria izango dugu, Aralar Mendik eta Xotak derbya jokatuko baitute Irurtzunen. Partida larunbatean jokatuko da, 17:00etan, Irurtzungo kiroldegian. Derbyek duten interesaz gain, partida oso lehiatua da, goiko postuetara bueltatzeko irabazi beharrean baitago Aralar Mendi; Xota ere, primerako denboraldia daramanez, gora begira jarrita dago. Ea nork pilatzen dituen puntuak.