Sakana 4x4 topaketa arrakastatsua

Guaixe 2009ko martxoaren 31

Sakana 4x4 taldeak asteburuan Arbizuko industrigunean antolatutako 4x4 topagunearen martxarekin oso kontentu daude antolatzaileak. "Egin zuen eguraldi txarra eta hotza kontuan hartuta uste genuena baino askoz ere jende gehiago hurbildu zen. Larunbat arratsaldean eta igandean jende asko egon zen, eta baita larunbat gauean antolatutako ikuskizunean ere. Bi egunetan 4.500 pertsona bilduko ziren, erraz" dio Sakana 4x4 taldeko Jose Luis Lakuntzak. Gainera, hurbildutako zaleek erantzun bikaina eman zioten antolakuntzak Arbizuko industrigune berrian aparkatzeko egindako eskaerari, Arbizu eta Etxarri lotzen dituen bigarren mailako errepidean aparkatzea debekatuta baitzegoen, eta ez zen inolako arazorik izan. "Guardia Zibilek eta Foralek kontrol gogorrak ezarri zituzten baina autoak ongi aparkatuta zeudenez ez zen isunik egon eta ez zen ezer gertatu" gaineratu dute antolatzaileek. Txapelketari erreparatuta, 50 ibilgailu lehiatu ziren, antolakuntzak onartutako gehienezko topea, aspaldi bete zena. Ibilgailuren batek baja eman zuen baina itxaron zerrendan zeudenekin berehala bete zuten haren tokia. Gainera aurtengo zirkuitua oso teknikoa zen, eta gidariek asko gozatu zutela nabarmendu dute Sakana 4x4koek. "Oso teknikoak ziren tramuak, eta egin beharreko mugimendu eta maniobrak oso zainduak izan behar ziren, ia milimetrikoak, kopilotuen azalpenak jarraitzeko modukoak, ibilbide txukuna egin izanez gero. Horregatik pilotuek eta ikusleek ere asko eskertu zuten prestatutako trazatua, ikuskizun ederra eskaini baitzuen" azaldu du Jose Luis Lakuntzak. Aitor, onenaLarunbatean ibilgailuek norabide batean pasa behar zituzten probak zituen zazpi eremuak, eta igandean alderantzizko norabidean. 50 pilotuetan onena Medina de Pomarreko Aitor izan zen. "Kristoren katxarroa dauka, duela gutxi erositakoa, bigarren eskukoa, Patrol baten ardatza duen Suzuki bat, freno bakoitza independentea da... izugarria. Ibilgailu hori bere garaian prestatzea ia 6 milioi pezeta kostatu zuen eta 4 aldiz izan da Kataluniako txapelketako irabazlea, zerbaitegatik, jakina. Topaketan zegoen ibilgailu onena zen. Gainera, Aitorrek larunbat gaueko proba ere irabazi zuen" dio Lakuntzak. Gaueko proban Erandiko Salvador Camargo izan zen bigarrena, eta Gernikako Iban hirugarrena. Lasterketa orokorrari dagokionez, Aitorren atzetik Santanderreko Francisco Herrera sailkatu zen. Guztiek jaso zuten saria. Guztia antolatzen Sakana 4x4 taldeko eta inguruko 20 pertsona aritu ziren lanean, Arbizukoak, Dorraokokoa, Irañetakoak, Lakuntzakoak, Olaztikoak... Igandean bertan gehiena garbitu zuten eta soilik eremua makinarekin txukuntzea da geratzen dena, bi orduko lana. Hemendik aurrera "disfrutatzea" tokatzen dela diote Sakana 4x4koek. Besteak beste maiatzaren 9an eta 10ean Erandion jokatuko den topaketan ariko dira, eta Arbizuko San Juanetan 8-10 ibilgailurekin 4x4 erakustaldia eginen dute.