25 txirrindulariko talde ederra Aralar Txirrindularitza Taldearena

Guaixe 2009ko apirilaren 1a

Hotzari aurre eginez larunbatean aurkeztu zituen Lakuntzako Aralar Txirrindulari Taldeak denboraldi honetako lasterketetan lanean arituko diren txirrindulariak. Luis Igeltzek aurkeztutako ekitaldian Aralar Txirrindularitza Taldeko presidente Iñaki Mauleon eta taldeko arduradun eta gurasoak, Aralarren aritu eta egun profesionala den Jose Luis Arrieta txirrindularia, Lakuntzako Udaleko kirol zinegotzi Imanol Azpiroz eta Nafarroako Txirrindularitza Federazioaren presidente Joseba Santesteban izan ziren. Zailtasunak zailtasun beste urte batez ere aurrera eginen du Aralar Txirrindulari Taldeak. Aurten taldean 25 txirrindulari izanen dira guztira: 7 junior, Iraitz Goñi eta Asier Pellejeroren zuzendaritzapean; bi kadete, Joxe Andueza eta Juan Francisco Mundiñanoren aginduetara; eta eskoletan ariko diren 17 gaztetxoak, Javier Etxarriren esanetara. Joxe Andueza lakuntzarrak urtetan gidatu zuen Aralar Txirrindularitza Taldea, eta hainbat urte taldea utzita egon eta gero, besteak beste Bidelan Kirolgin arituz, aurten atzera ere jaioterrira itzuli da. Gainera, aurreko urtera arte Bidelaneko txirrindularia zen Juan Francisco Mundiñano txirrindulariarekin batera ariko da. Hiru taldeen babesle nagusia Inter Sport Irabia taldea izanen da, baina hurrengo enpresek ere laguntza eman dute: Sakana kooperatibak, Saebak, J.M. Mauleon iturgintzak eta Pellejero Aseguruak enpresek. Taldeak garai zail hauetan txirrindularitza laguntzen jarraitu izana biziki eskertu zien babesleei. Ildo horretan, CANen "Zeuk aukeratzen duzu: zeuk erabakitzen duzu" ekimenean 16.412 proiektua da Aralar Txirrindularitza Taldearena, norbaitek bere laguntza eman nahi badu. Aurrekontua eta lasterketakTaldeak 30.000 euro inguruko aurrekontua erabiliko du 2009 denboraldian. Taldeak behar dituen bi autoak eta taldea bera mantentzera bideratuko da diru gehiena, eta baita antolatuko dituzten 7 lasterketak antolatzera ere. Hurrengoak dira lasterketak: kadete mailan ekainaren 21ean Lizarragan, ekainaren 27an Arbizun, eta abuztuaren 4an Etxarri Aranatzen; eskola mailan ekainaren 6an Etxarri Aranatzen, ekainaren 28an Lekunberrin eta abuztuaren 15ean Lakuntzan; eta afizionatuen mailan abuztuaren 26ko Lakuntzako lasterketa berreskuratzeko asmoa dago. Aralar taldetik adierazi zutenez, "nahiz eta azken urteetan txirrindulan aritu nahi duten neska-mutikoen kopurua jaitsi, Aralar Taldeak eskola zabalik dauka, betiko ilusio berberarekin, eta horregatik txirrindularitza gustuko duen orok ateak zabalik dauzka". Ildo horretan, taldearen ibilbide oparoa gogoratu zuten -bertatik profesionaletara heldu ziren Javier Garziandia, Jose Luis Arrieta, Egoi Martinez, Gorka Verdugo eta Javier Etxarri- eta askoz ere gehiago pasa zirela oroitu.Igeltz aurkezleak taldeak lanean jarraitu izana gogoz eskertu zuen eta txirrindulariei ongi pasatzeko, kirola egiteko eta lasterketetan aritzeko gomendioa egin zien, "beti ere ikasketak albo batera utzi gabe". Nafarroako federazioko buru Joseba Sansebastianek txirrindularitzan aritzeak "merezi duela" nabarmendu zuen, "izugarri disfrutatzen delako". Bukaeran taldeko arduradunek eta Jose Luis Arrietak txirrindulariekin argazkia egin zuten eta bildutakoek auzate ederraz gozatzeko aukera izan zuten Lakuntzako Pertza Elkartean. ARALAR TXIRRINDULARITZA TALDEAGazteak, juniorrak:Aitor IrastorzaIñaki MañeruJosu UrrizaJavier LizarragaJavier ValenciaMikel RubioEndika JakaZuzendariak: Iraitz Goñi eta Asier PellejeroKadeteak:Andoni ArozenaIñigo LasarteZuzendariak: Joxe Andueza eta Juan Francisco MundiñanoEskolak: Odei Juango, Izai Mauleon, Xabier Basabe, Xabier Mauleon, Xabier Maiza, Maitane Agerre, Mikel Agerre, Saifddine Boujaja, Unai Zubiria, Julen Otxoteko; Anitz Larunbe, Jokin El Marhoum, Endika Larralde, Luis Beraza, Oier Larunbe, Sergio Romero eta Maria Beraza. Zuzendaria: Javier Etxarri