Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Azken hilabetean ixilean mantendu dute, baina atzo MRAko Dani Fernandez jokalari madrildarrak azaldu zuen barrabil batean zuen tumore bat atzeman ziotela eta ebakuntza egin diotela. Nonbait, eta hemendik aurrera egingo dizkioten errebisioak eskatzen ez badute, ez du kimioterapia edo erradioterapia tratamendurik hartu beharko. Kontua da modu berezian jakin zuela tumorea zuela. Cartagenaren kontra partida bat jokatu eta gero, dopingaren kontrako kontrola egitea tokatu zitzaion 31 urteko madrildarrari, zozketa bidez. Handik gutxira Irurtzungo klubak emaitza jaso zuen, positiboa edo "kontrako emaitza". Jokalariak eta klubak argi zuten ez zuela inolako substantziarik hartu, baina hormona jakin bateko maila oso altua zuen Dani Fernandezek. Probak egin zizkioten eta handik gutxira jakin zuen arrazoia: barrabil batean tumorea zuen. Oso gogorra izan dela onartu du areto futboleko jokalariak, baina tumorea oso lokalizatua zegoen eta ebakuntza arrakastatsua izan zen. Orain osatzen ari da jokalaria eta laister jokatzeko moduan egongo da. Dani Fernandezek biziki eskertu zuen Xota taldeak eman dion babesa eta laguntza. Gainera, bere garaian Javi Eseverri kapitainak arazo bera izan zuen eta egun erabat osatua dago, eta akaso bere mailarik onenean.