Igandean azken jardunaldia hartuko du Berriozarrek

Guaixe 2009ko apirilaren 3a

Lau jardunaldi jokatu eta gero, igandean, apirilaren 5ean, Nafarroako Herri Kirol Jolasen bosgarren eta azken jardunaldia jokatuko da Berriozarren, frontoi berrian, 11:00etatik aurrera. Proba konbinatuen lehiak jokatuko dira lehen -koxkolak biltzea, zaku lasterketa, txingak, korrika eta trontza - . Kimuen mailako proba konbinatuan lau talde ariko dira: Andra Mari, Ultzama, Berriozar A eta Basaburua, eta talde onena izango da irabazlea. Haur mailako proba konbinatua ligaxkan jokatzen ari da eta bosgarren jardunaldiak erabakiko du guztia. Momentuz Basaburuak 16 puntu ditu, Berriozarrek 10, Ultzamak 8 eta Andra Marik 6. Eta kadete mailako proba konbinatuan azken jardunaldia jokatuko da. Momentuz Basaburuak 11 puntu ditu, Andra Marik 8, eta Berriozarrek 5. Sokatirari dagokionez, haur mailako 480 kilokoan Andra Mari, Basaburua eta Txantrea 12 puntura berdinduta daude eta Putterrik hiru puntu ditu. Eta kadete mailako 540 kilokoan Txantreak 18,5 puntu ditu, Basaburuak 16,5, Andra Marik 13, Iñigo Aritzak 6,5 eta Putterrik 4,5. Gauzak nahiko estu daudenez igandeko jardunaldia ezinbestekoa izango da txapeldunak nor diren erabakitzeko.