Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Asteartean aurkeztu zuten, BBKren egoitzan, Buruz Buruko Txapelketa. Aurkezpena egiteaz gain txapelketaren zozketa egin zuten, pilotariak zein multzotan aritu behar ziren argitzeko eta nor noren kontra ariko zen erabakitzeko. Bertan ziren txapelketan ariko diren 20 pilotariak: Bengoetxea VI.a, Gonzalez, Olaizola I.a eta Barriola - hauek eskailerako laugarren mailan sartuko dira lehian, lau zerrendaburuak baitira - ; Ruiz, Irujo, Beloki eta Olaizola II.a, eskailerako hirugarren mailan sartuko direnak; Leitza, Xala, Peñagarikano eta Begino - eskailerako bigarren mailan sartuko direnak; eta eskailerako lehen mailan lehian hasiko direnak, asteburu honetan hain juxtu: Urberuaga, Retegi Bi, Agirre, Laskurain, Berasaluze IX.a, Eulate, Pascual eta Aitor Zubieta. Gogoratu Aitor Zubietak Buruz Burukoan lortzeko aukera aurreko asteburuan lortu zuela, Juantxo Koka bidean utzita. Lau multzotan jokatuko da txapelketa, kanporaketa sisteman. Aitor Zubietari B multzoan aritzea egokitu zaio. Igandean, apirilaren 5ean hain zuzen, sartuko da lehian etxarriarra, eta aurkari gogorra izanen du: Pascual. Partida Eibarreko Astelenan jokatuko da, 17:00etan hasiko den jaialdiarekin, ETB 1ek zuzenean eskainia. Material aukeraketa atzo egin zuten. Partida gogorra aurreikusten da, baina Zubietak Kokaren kontra erakutsi zuen maila ematen badu, irabazteko aukerak handiak izango dira. Aurrera egiten duenak hurrengo asteburuan Xala izanen du zain, eta lehia honetan nagusi denak Irujoren kontra jokatu beharko du. Azken honetan gailentzen denak Gonzalez izanen du zain, eta bertako irabazlea finalerdietarako sailkatuko da. Ongay, 2. Mailako Buruz BurukoanAtzo aurkeztu zuten 2. Mailako Buruz Burukoan Alberto Ongay satrustegiarra ariko da lanean. Satrustegiko aurrelariak Arruti izanen du arerio igandean, Eibarreko Astelena pilotalekuan, hain juxtu Aitor Zubietak eta Pascualek jokatuko duten jaialdi horretan bertan. Ea zer moduz hasten duen txapelketa arakildarrak.