Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Txirrindularitza zaleek ez dute aspertzeko betarik izango lasterketen egutegia pil-pilean baitago. Lehenik eta behin, larunbatean, apirilaren 4an, 191 kilometroko Migel Indurain Sari Nagusia abiatuko da Lizarran, 12:30ean. Klasiko baten itxura handia du probak, Lizarratik guztira bost aldiz pasako baitira txirrindulariak eta proba gainez josita baitago. Ibarrako gaina bost aldiz pasako dute, 2. mailako Lezaungo gaina bitan, 2. mailako Eraulgo gaina bitan eta hori gutxi ez balitz Arradiako 2. mailako gainetik eta lehen mailako Girgillanotik ere bai. El Puy baselizako igoera gogorra izango dute etaparen bukaeran, baina pixka bat lehenago dagoen Eraulgo gainak lasterketa erabakiko du. Lasterketa ETB 1ek eta Teledeportek eskainiko dute zuzenean. Euskalteleko Egoi Martinez, Gorka Verdugo eta Jorge Azanzak Samuel Sanchez talde buruarendako lana egingo dute, eta Uharte Arakilgo Ag2rko Jose Luis Arrieta txirrindulari beteranoa talde burua izango da. Gainera, Oscar Guerrero altsasuarrak zuzentzen duen Contentpolis Ampo ere lehian izanen da. Baina faboritoen zerrenda luzea da: Caisseko Luis Leon Sanchez eta Valverde, Astanako Contador...Urtasun eta Erbiti klasikoetanGaltzadarrien lasterketak izenarekin ezagutzen diren Frantziako eta Belgikako hiru klasikoetan ariko dira Euskaltel-Euskadiko Pablo Urtasun urdiaindarra eta Caisse d´Epargneko Hiriberriko Imanol Erbiti: igandean jokatuko den Flandiako Tourrean, apirilaren 8an, asteazkenean erabakiko den Gante Wevelgem-en, eta apirilaren 12an jokatuko den Paris-Roubaix-en. Lasterketa oso gogorrak dira, erritmo aldaketa bizikoak, sarritan galtzadarriko bideetatik pasa beharrekoak eta adi ez egonez gero txirrindulariak lurrera joan daitezkeen horietakoak. Erbitik halako lasterketetan esperientzia handia du eta gainera, oso gustuko ditu, eta Pablo Urtasun, berriz, lehenengoz estreinatuko da, baina gogo biziz dago. Koldo Fernandez de Larrea taldeburua laguntzea izango da bere lana. Euskal Herriko Itzulia Sakanatik pasako da astearteanAstelehenean hasi eta hurrengo larunbatean despedituko da Euskal Herriko 49. Itzulia. Ohikoa denez oso itzuli gogorra izango da, portuz eta mendiz betetakoa, eta adituek uste dute Arrateko igoera gogorrak eta azken eguneko 26 kilometroko erlojupekoak erabakiko dutela proba. Faboritoen artean Contador (Astana), Luis Leon Sanchez (Caisse d´Epargne), Cadel Evans (Lotto), Sastre (Cervelo), Schleck anaiak (Saxo Bank), Karpets (Katusha), Cunego (Lampre) eta Euskaltel-Euskadiko Samuel Sanchez daude. Ildo honetan, Egoi Maratinez eta Gorka Verdugok Samuel Sanchezendako egingo dute lan. Bestalde, Ag2r taldeko taldeburua Jose Luis Arrieta uhartearra izanen da. Astelehenean Ataunen hasi eta despedituko den etapa gogorra izango dute txirrindulariek. Asteartean, apirilaren 7an, lasterketa Sakanatik pasako da. Hain zuzen ere Ataundik atera eta Lizarrusti igo eta gero (13:34), Etxarri Aranatzera helduko dira txirrindulariak (13:49) eta Lizarragako bidea hartuko dute (13:56), lehen mailako Lizarragako gaina pasatzeko (14:08). Hortik Etxauri, Girgillano, Mañeru eta Lezaun gainak pasako dituzte, Villatuertara heltzeko. 164 km-ko etapa gogorra izango da, baina adituek diote ez dela erabakigarria izango.Asteazkenean Villatuerta-Eibar etapa eginen dute, etapa erregina, Arrate gainean despedituko baita lasterketa. Ostegunean Eibar eta Guëñes lotuko dituzte, ostiralean Güeñes eta Zalla, eta larunbatean 26 km-ko erlojupekoa, Zallan.