Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Sakanako Mankomunitateko presidente Migel Anjel Zubiria eta erakundeko kudeatzaile Adolfo Araiz astelehenean prentsaren aurrean agertu ziren iazko hondakinen bilketaren berri emateko. Migel Anjelek esan zuenez, datuak "baikorrak" dira. Presidenteak gehitu zuenez, "pixkanaka kontzientzia hartzen ari gara eta Sakana guztia zoriontzeko modukoa da". Sakanako Mankomunitateko arduradunek jakitera eman zutenez, iaz gaikako bilketaren bidez 9.701.313 kilo hondakin jaso ziren. Hau da, 1,32 kilo hondakin sortu zituen iaz sakandar bakoitza egunero. Ibarreko enpresetan bildutakoa ia parekoa izan zen, 9.363.610 kilo. Aurreko urtean baino %10,75 gehiago hain zuzen. Hondakin horietatik guztietatik 16.600.641 kilo izan ziren Arbizuko hondakindegian bukatu zutenak. BeiraIglu itxurako edukiontzietan iaz bildutakoak, aurreko urtekoarekin alderatuz, 54.459 kilo behera egin du. Guztira 590.278 kilo beira bildu ziren iaz Sakanan (29,3 kilo biztanleko). Mankomunitateko kalkuluen arabera, birziklatu ez eta iaz hondakindegian bukatu zuen beira kopurua 207.727 kilo inguruko zen, aurreko urtearen pareko. Sakanako Mankomunitatearen datuen arabera ibarrean sartzen den beiraren %74 berreskuratu zen iaz. Nafarroan 2007an %52,5 besterik ez zen berreskuratu. Ibarrean gehien berreskuratzen den gaia da beira.Papera eta kartoia1.204.360 kilo paper eta kartoi jaso ziren iaz Sakanan (59,96 kilo biztanleko). Edukiontzi urdinetan bildutakoa 792.560 kilo izan zen, aurreko urtean baino 3.050 kilo gutxiago. Edukiontzi urdinean bildutakoaz gain, enpresa eta merkataritza arloan ere bilketa berezia egiten du Sakanako mankomunitateak. Bilketa horrek urtetik urtera gero eta emaitza hobeak ematen ditu eta iaz 411.800 kilo paper eta kartoi jaso zen horrela (32.230 kilo gehiago). Ibarrean iaz sartu zen paper eta kartoiaren %67 berreskuratu zela kalkulatu du mankomunitateak. Baita 594.529 kilok hondakindegian bukatu zutela ere, gaikako bilketa ez erabiltzeagatik. OntziakEdukiontzi horian jasotako ontzien kopurua 272.530 kilokoa izan zen (13,56 kilo biztanleko). Mankomunitateko arduradunek nabarmendu zuten urtetik urtera bilketa igo egiten dela (azken urtean 26.650 kilo gehiago bildu ziren). Hala ere, ibarreko erakundeko ordezkariek esan zuten Sakanan sartzen diren ontzien %20,9 besterik ez dela birziklatzen. Mankomunitatearen kalkuluen arabera, 1.0314.474 kilo ontzik Arbizuko hondakindegian bukatzen dute edukiontzi horian ez botatzeagatik. Nafarroako bataz bestekoaren gainetik egon arren, mankomunitateko ordezkariek bilketa horretan "ahalegina" egitea eskatu zieten sakandarrei, "egiteko asko baitago". OlioaIaz 37.237 litro olio jaso ziren Sakanan, 1,85 litro biztanleko. Mankomunitatearen garbigune mugikorrean 9.692 litro jaso ziren. Altsasun zeuden hiru edukiontzietan 7.890 litro jaso ziren eta Ecogras enpresak jatetxeetan bildutakoa 19.655 litro izan zen. Bilketa honek urtetik urtera gorako bidea egiten du eta urte bukaeran ibarrean barna jarri ziren edukiontzi laranjekin bultzada berri bat eman nahi zaio olioaren bilketari. Tamaina handikoakEmausko traperoek egiten duten bilketaren bidez, tamaina handiko altzariak, tresnak eta beste jasotzen dira. Iaz guztira 199.600 kilo jaso zituzten Emausko traperoek (9,93 kilo sakandarreko). Jasotakotik %62,87 berreskuratu ahal izan zen eta gainontzekoak hondakindegian bukatu zuen ezin zelako berrerabili. Sakanako Mankomunitateak iaz zerbitzu hau erabiltzeko 1.469 dei jaso zituen (308 gehiago) eta Emauskoen kamioiak 142 bidai egin behar izan zituen tramankulu guztiak jasotzeko (16 bidai gehiago). ZaborraEdukiontzi berdean bildutakoa iaz 9.435.599 kilo izan zen (471 kilo pertsonako), aurreko urtean baino 32.368 kilo gutxiago. PilakSakanako Mankomunitateak jakinarazi duenez, iaz 1.834 kilo pila jaso ziren, aurreko urtean baino 742 kilo gutxiago. Biztanleko 0,09 kilo. Industria hondakinakGuztira 9.363.510 kilo jaso dira. Gehienak lau multzotan biltzen dira: hirikoen antzekoak (2.118.810 kilo); obra honakinak (1.929.600 kilo); lur begetala (1.842.920 kilo) eta zelulosa eta antzekoak (1.405.050 kilo). Mankomunitateko arduradunek azaldu zutenez, "ezin da jakin krisiak eraginik izanen duen" hondakinen sortzean. Bestelako datuakGarbigunearen erabiltzaile kopurua: 7.025Pintura eta disolbenteak: 703 kilo Tonerrak eta kartutxoak: 77,7 kiloFluoreszenteak-bonbilak: 168,7 kiloBateriak: 1.743 kiloRadiografiak: 16,9 kilo