Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateko 14 langileek gaurkoan prentsaurrekoa eman dute, hasiko dituzten "protesta ekimenen" berri emateko. Langileen ordezkari diren Asun Bergera Zelaiak (LAB) eta Alodia Alvaro Igoak (ELA) azaldu zutenez, mankomunitatearen gestioaren ardura duen juntarekin hiru urte luzez negoziatzen egon dira eta "kostata aurrerapauso batzuk eman" dituzte. Hala ere, langileen ordezkariek salatu dutenez, "gaur egun konpondu gabeko arazoei aurre egiterakoan inmobilismoa da erantzun bakarra". Langileek salatu dutenez, "arduradun politikoek zerbitzuaren kudeaketan utzikeria izan dute" eta "lana aurrera ateratzen dutenak langileak soilik izateko ohiturarekin bukatzea" eskatu dute. EskaerakBurunda mendebaldeko gizarte zerbitzuen langileen eskaerak bi arlotan biltzen dira. Alde batetik, haien lan baldintzak. Horren inguruan, langileek eskatu dute "juntak bere garaian onartutako erabakiak betetzea. Hau da, jasotzen ez diren gehigarrien pixkanakako ordainketa ezarri eta egiten den lanaren araberako konpentsazioa". Langileak kexu dira "lanak hala behartuta" dagokiena baino maila altuagoko lanak egiten dituztela. Aldi berean, gogora ekarri dute iaz arte Nafarroako soldata "baxuenak" jasotzen zituztela. Gizarte Zerbitzuko Mankomunitateko langileak ere kexu azaldu dira zerbitzuaren funtzionamenduarekin. Horregatik "elkarlana hobetzeko eta dauden arazoei irtenbidea emateko erlazio-dinamika bat sortuko duen planteamendu serio eta zehatzea lehenbailehen ezartzea" eskatu dute. Langileak kexu dira orain arte juntaren eta langileen artean ez delako erlaziorik izan eta horrek, ondorioz, "juntak egiten dugun lana ez ezagutzea ekarri du". Langileek ere, proposatu dute juntak erabakiak hartzerakoan "langileon aholkularitza emateko aukera sortzea". Baina ildo horretan ez dela pausorik eman esan dute.Langileek heldu den asteazkenean ordu bateko lanuztea eginen dute eta bi ordukoak izanen dira apirilaren 22an eta 29an. Arduradunen iritziaGizarte Zerbitzuen Mankomunitatea Altsasu, Olatzagutia eta Ziordiko udalek osatzen dute eta haien 7 ordezkarik osatzen dute zuzendaritza. Presidente kargua Altsasuko alderdi sozialistako zinegotzi Mª Jose Notariok du. Duela aste bat, arrazoi pertsonalak argudiatuta, kargua bi hilerako presidente-ordea den Ziordiko NaBaiko zinegotzi den Fernando Fusteren esku utzi du. Fustek esan digunez, "udalen aurrekontu arazoak" daude langileei dirua ez igotzearen atzean, "mankomunitatekoei igoz gero udaletako gainontzeko langileek ere eska ditzaketelako". Fustek nabarmendu zuenez, "Nafarroako Gobernuak eta udalek soldaten gehigarriak erdi bana ordainduko genituzke. Baina gobernuaren laguntzaren jarraipenak kezka sortzen digu, kenduz gero guztia udalaren bizkar gelditzen delako". Udal arduradunak azaldu zuenez, "gure taldearendako garrantzitsua da langileak ongi egotea". Aurreratu zuen, langileen gaia aztertzeko, haiekin, bilera monografikoa egiteko asmoa duela mankomunitateko zuzendaritzak, "norabidea zehazteko. Baina beraien laguntza beharko dugu, motorra baitira". Fustek, aldi berean, aitortu zuen nolabaiteko utzikeria egon dela, "kapitainak ez badu dinamizatzen, dagoenarekin opatzen gara".