Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Merchandisinga, edozein pelikula, musika talde, futbol talde edo bestelako gaien inguruan sortzen den artikulu multzoa da. Posterrak, panpinak, kamisetak, txapak... Merchandisingaren mundua zabala eta nahiko berezia da. Komikiaren mundua ez da inolako salbuespena; askotan, komikiak berak baino diru gehiago sortzen du.Normalean, lehenik eta behin, komikiaren irudiak inprimatzen dira toki ezberdinetan: postaletan, posterretan, koadernotan, kromotan... Ziur denda askotan ikusi dituzuela horren adibideak. Panpinak dira beste adibide ezagun bat. Baina hain ezagunak ez diren beste artikulu ugari ere badira, komikia famatu bihurtzen denean agertzen direnak. Aipatuak, normalean, denda berezietan saltzen dira.Zenbatutako irudiak: plastiko edo erretxinaz eginiko irudiak; normalean 10-50 cm arteko altuera dute eta bildumagileentzat eginiko artikuluak dira. Pertsonaia bat zein seriearen eszena bat irudikatu daiteke bertan. Ez dira irudi berdin asko egiten, eta irudi bakoitza zenbatuta dago, munduan bakarra da zenbaki horrekin. Originaltasuna ziurtagiri batekin egiaztatzen da; zenbat irudi egin diren eta horietatik zein erosi den zehazten da irudiaren ziurtagirian. Zenbatuta egoteak prezioa puzten du, txikiak 50 euroko prezioa izan dezake arrunta bada, baina irudi berezienengatik -eskuz egin direlako eta mundu osoan bakarrak direlako- sekulako dirutzak ordaintzen dira.Amigurumi eta Nuigurumi: Japonian dute jatorria hitzok; lehenak, kakorratzez (gantxilloz) egindako panpinak edo paparreko orratzak dira ,eta feltroz egindakoak bigarrenak.Cosplay artikuluak: Cosplaya mozorro antzeko bat da, normalean, norberak eskuz egina, gaia komiki batetik hartuta. Baina badira milaka apaingarri eskuz eginiko mozorroa hobetzeko: kapelak, ezpata-erreplikak, zapata bereziak... Guztiak komikien pertsonaien janzkera imitatzeko.Merchandisinga gure inguruan dago askotan zer den jakin ez arren. Edozein dendara gerturatzen zaren hurrengoan arreta pixka bat jarri eta ziur Pokemon, Son Goku, Witch edo antzeko komikien irudi asko ikusiko dituzula hainbat artikulutan margoturik.Jose Luis Asensio