Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ostiral eta larunbatean Zamartzen izan ziren turismo jardunaldien antolatzaileek jakinarazi digutenez guztia "oso ongi" atera zen. Sakanako Mankomunitateko presidente Migel Anjel Zubiriak hizlarien maila nabarmendu zuen. Bidelagun, Sakanako landa etxeen elkarteko Fernando Etxaurik, bestalde, jardunaldien helburua bete zela aipatu digu, hau da, "turismoaren gaia ibarrean lantzen hasteko bidea jartzea". Mankomunitateko buruak azaldu digunez, ostiralean larunbatean baino asistentzia handiago izan zen jardunaldietan, baina bataz bestekoa berrogei pertsonetakoa izan zen. Parte hartu zutenen artean udal ordezkariak toki erakunde guztietakoak ez bazeuden ere eta landetxeetako ordezkariak zeuden, batez ere. Bidelagun elkarteko Fernandok azaldu digunez, "hizlariek kontzeptu oso garbiak erabili zituzten. Administrazioaren eta ekimen pribatuaren paperak egoki zehaztu zituzten. Bakoitza non dagoen jakiteko argigarria izan zen". Bestalde, Fernandok aurreratu digunez, "elkarteak turismoaren gaian indarra egiten jarraituko du. Beste kontua da erakundeek noraino iritsi nahi duten". Horren kontura azaldu digu, "ibarrean dena egiteke dago, egutegia eta lehentasunak markatu beharko ditugu". Azkenik, Fernandok aukera baliatu zuen elkartean ez dauden Sakanako gainontzeko landetxeei eta alojamenduei deialdia egiteko eta "elkarteko kide egiteko. Denen artean indar handiagoa egiteko".