2009ko Haur Kantari Jaialdiari agur

Guaixe 2009ko apirilaren 7a

Pasa den larunbatean agurtu zuten Iruñeko Gaiarre Antzokian 2009 Haur Kantari Jaialdia. Bukaerako Saio honekin, martxoaren 6an abiatutako ibilbidea despeditu zuen aurtengo Haur Kantari Jaialdiak. Antsoain, Tutera, Altsasu eta Elizondoko saioetan nabarmendu ziren 21 bakarlari, bikote eta talde igo ziren larunbatean Gaiarreko taula gainera. Guztiek ere primerako lana egin zuten. Horregatik, inor ez zen esku-hutsik atera Iruñeko antzoki zaharretik. 4 ordezkari izan zituen Sakanak. Txikien 6 talde igo ziren oholtza gainera, horietako 2 sakandarrak, Lakuntzako Musika Eskolako txikiak, Sekretua abestiarekin, eta Altsasuko Zelandi ikastetxeko talde txikia, Hitz galduak kantuarekin. Lehenengoek saria jaso zuten "ipuin musikatua sortzeagatik" eta bigarrenek "talde lan ederrarengatik". Bikote gaztetxoen artean sailkatu ziren Altsasuko Jone Rubio eta Jaione Diaz, Mugimenduan abestiarekin. Bikoteak antolatzaileen oparia jaso zuen, "abeste eta dinamika zoragarriagatik". Talde sakandarrik ere bazen gaztetxoen mailan, Zelandi eskolako Oskola taldea zen, Txokolatea abestiarekin. Taldea txalotua izan zen, "erakutsi zuen erritmoagatik". Jaialdiaren antolatzaile Euskal Kantuzaleen Elkarteak azpimarratu zuen kantatzeak "onura handiak eta itzelak dituela haurren garapenerako". Horregatik, datorren edizioan parte hartzera animatu zituzten Nafarroako haur guztiak, "primeran pasatzen dugulako".