Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Joan zen larunbatetik erakusketa berria hartzen du Altsasuko Iortia kultur guneak. Berezitasunez josita dator apirileko erakusketa: Sakana eta Euskal Herriko beste txoko batzuetatik etorritako artistek, erakus-gelan bertan elkarlanean sortu zuten arte instalazioa. Hortik, erakusketaren egileen izena: Batzen Arte Ekintza. Erakusketa ikusgai egonen da hilaren amaierara arte. 12 lagunen lanaOrain hilabete inguru jaso zuten Sakanako artista batzuek Altsasuko Iortiako kultur gunean erakusketa egiteko gonbidapena. "Epe laburra zen banakako erakusketa antolatzeko" esan zigun Batzen Arte Ekintza taldeak, "horregatik talde-lan bat egitea pentsatu genuen". Batera eta bestera deitzen hasi eta 10 bat lagunek bat egin zuten deialdiarekin, gehienak Sakanakoak, baina baita Euskal Herriko beste bazter batzuetatik etorritakoak. "Talde mugikorra da" azaldu digu taldekide batek, "ideiari forma ematen lagundu dute batzuek, materiala sortzen beste batzuek, instalazioa egiten besteek eta prozesu osoan beste batzuek. Batera edo bestera, guztiek egin dute beren ekarpena". Sakanako eta Euskal Herriko beste txokotatik etorritako artistek bere sormen-gaitasuna batu dute. Artista horien lanen batuketatik haratago, guztiek elkarlanetik sortuko da instalazioa. Horregatik, banakakoen izenen gainetik egile taldeari eman nahi izan diote protagonismoa: Batzen Arte Ekintza taldeari. Erakusketan hainbat teknika artistikok bat eginen dute.Lurrari eskainiaLan-taldeak larunbatean eman zion forma arte instalazioari. Baina Batzen Arte Ekintza aurrerago jarri zen martxan. Taldea osatu zenetik, buru-belarri ekin zioten denek lanari. Lehenengo lana erakusketari batasuna emanen zion gaia aukeratzea zen. "Lurra gu bagara, zergatik ahaztu? Ura gu bagara, zergatik pozoitu?" galdetzen dute artistek. "Lurra, ura... maitasun hura" hitzek iragartzen dute erakusketa. Negu gogorraren ondoren natura berpizten hasten den hil honetan, lurrari eskainitako irudimenezko kantua izanen da erakusketa. Hilaren akaberara arte, gure sustraietara eramanen gaituen erakusketarekin gozatzeko parada izanen dugu, Altsasuko Iortia kultur gunean.