Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroa Oinez-ek antolatuta, arteak eta euskarak bat egiten dute urtero Artea Oinez erakusketan. Joan zen ostiralean mustu zuen Etxarri Aranazko Andra Mari ikastolak erakusketaren azken edizioa Iruñeko Ziudadelako Armen Aretoan. Bertan egonen da ikusgai maiatzaren 10era arte.Erakusketaren bidez artea plazara jalgi nahi du Andra Mari ikastolak. Halaber, hezkuntza komunitatera ere hurbiltzeko ahalegina egingo du. Iruñeko Ziudadela utzita, Donostiarako bidea hartuko du ekainean erakusketak, eta irailaren amaieran, berriz, Sakanara iritsiko da, Altsasuko Iortia kultur gunera.67 artistaUrteak joan urteak etorri, Euskal Herriko artisten bilgune bilakatu da Artea Oinez erakusketa. Artista ospetsuen eta gazteen obrek bat eginda, euskal artearen egungo errealitatea gertutik ezagutzeko aukera paregabea eskaintzen du erakusketak. Guztira, 67 artistak parte hartu dute edizio honetan, 71 artelanekin. Hainbat hizkuntza eta teknika bildu dira erakusketan. 52 pintura lan (mihise gaineko olioak, akuarelak, tenpleak, akrilikoak, collage-ak...), hamahiru eskultura (egur, harri, altzairu, brontzezkoak...), hiru zeramistaren buztinezko lanak eta abar. Erakusketaren komisario Josu Reparazek katalogoan azaltzen duenez, "erakusgai jarritako lanik gehienak korronte abstraktuan kokatzen dira, nahiz eta espresionistak, neofiguratiboak edo hiperrealistak ere badauden. Hala ere, paisaia figuratiboaren lirikotasuna ongi irudikatuta dago, eta azken joera artistiko europar eta amerikarren inguruko hausnarketarako espazioa ere aurki daiteke".Antolatzaileek artista guztien eskuzabaltasuna eta atxikimendua eskertu zuten. "Esan daiteke erakusketa honen atzean dagoen giza aberastasunak aberastasun artistikoa bera gainditzen duela" adierazi zuen Arte Batzordeko Pili Ieregik. Halaber, esker hitzak izan zituzten erakusketaren babesleendako eta modu batera edo bestera egitasmo honetan lagundu duten guztiendako. Sakandarrak2009ko Oinezaren antolatzaile Etxarri Arananazko Andra Mari ikastolak leku berezia egin nahi izan die Sakanako artistei. Izen handikoak batzuk eta ibilbidea egiten hasi berriak besteak, Sakanako 11 artistak egin diote bere ekarpena Area Oinez 09 erakusketari. Asun Goikoetxea, Dora Salazar, Manuela Arregi, Sagri Mauleon, Helena Santano, Koldo Arnanz, Itziar Nazabal eta Miren Ustarrozen kuadroak, Txuspo Poyoren argazkia eta Dora Salazar, Mikel Okiñena eta Jose Ramon Andaren eskulturak ikusi ahal izanen dira Iruñean maiatzaren 10era arte. Anda nabarmendua67 artisten artean Andra Mari ikastolak bereziki nabarmendu nahi izan zuen Joxe Ramon Anda bakaikuarra, "ibilbide luze eta oparoa duen artista, gure ikastolaren ondoan bizi eta lan egiten duena eta gertu sentitzen duguna". Ikastolak esker hitzak izan zituen Bakaikuko artistarendako, "arte eta kulturari egin dion ekarpenagatik". Hain zuzen ere Andaren eskultura bat aukeratu dute "eskultura eta ikastolaren arteko lotura" sortzeko. Berarekin batera Ezustekoa II artelana aukeratu zuten eta brontzezko berrogei kopia sortuko dituzte, "Andra Mari ikastolaren urte bakoitzeko bat".