Liburuaren Eguna bete-bete

Guaixe 2009ko apirilaren 15a

Literaturaren historian egun gogoangarria da apirilaren 23a. Egun horrekin zendu ziren mundu osoan ezagunak diren hiru idazle: Miguel de Cervantes, William Shakespeare eta Garcilaso de la Vega. Horregatik, 1995ean Unesco-k Liburuaren Eguna izendatu zuen apirilaren 23a. Ospakizun horrekin bat egin dute Sakanako liburutegiek eta antolatutako jarduera guztiekin, liburuaren eguna gainditu eta aste eta ia hilabete luzatuko dira. Ipuin-kontalariak, hitzaldiak eta tailerrakLiburuaren Egunari astebete aurreratuta, apirilaren 15ean, 18:00etan, txotxongilo ikuskizuna izanen dute Irurtzungo liburutegian. Gus marionetas taldearen Liburuzaina estu eta larri ikuskizuna izanen da. Emanaldi bera izanen dute Etxarri Aranazko liburutegian hurrengo egunean, apirilaren 16an, 18:00etan.Altsasuko liburutegian leporaino dute agenda. Luxuzko gonbidatua izanen dute Liburuaren Astean, Unai Elorriaga idazlea. Apirilaren 20an, astelehenean, 18:00etan, SPrako tranbia liburuaren gaineko hizketaldi literarioa eginen da. Hilaren 23an, ostegunean, berriz, topaketa eta solasaldia eginen da liburuaren idazlearekin, 18:00etan gaztelaniaz, eta 19:30ean, euskaraz. Gainera, bere liburuan oinarritutako Un poco de chocolate filma ikusteko aukera izanen da asteburuan. Gaztetxoenek ere edukiko dute Altsasuko Liburuaren Astea ospatzeko parada. Hilaren 21ean, asteartean, 18:00etan, El burlador sin sardina ikuskizuna eskainiko dute Belen Otxotorenak eta Inma Gurreak. Halaber, orrialde markagailuak eta horma-irudiak egiteko tailerra izango dira 6 urtetik gorakoendako. Koxkorragoek ere izanen dute eskulangintzan aritzeko aukera: apirilaren 20an eta 22an, 16:00etik 19:30era, azaleztapen ikastaro praktikoa eskainiko du Ibarre Multzoak, 12 urtetik gorakoendako. Olaztiko eta Ziordiko liburutegietan ere tailerrak antolatuko dituztela iragarri dute, baina egunak zehazteko dituzte. Ipuin-kontalariak ere ugari izanen ditugu Liburuaren Egunean, apirilaren 23an. Arratsaldeko 18:00etan, Izaskun Mujika izanen da Irurtzungo liburutegian. Ziordiko liburutegian, berriz, ipuin musikatua izanen dute, arratsaldeko 19:00etan. Altsasuko liburutegiak ipuinen unearen ohiko eguna, ostirala, mantendu eta apirilaren 24an,  hartuko du ipuin-kontalaria, 19:00etan. Birgiñe Albira izanen dugu kontu kontari. Olaztiko liburutegian hilaren 29rako jarri dute hitzordua. Bertan izanen da Patricia Eneritz. Euskara taldeen eskaintzaAltsasuko Kima euskara taldeak Testu Bazkaren hurrengo saioak Liburuaren Egunaren ospakizunekin kointzidituko du. Udazkenean abiatutako ibilbide arrakastatsuarekin jarraiki, Testu Bazaren saio berria izanen da apirilaren 20an, astelehenean, 19:00etan, Altsasuko Gure Etxea eraikineko bigarren solairuan. "Irakur zaletasuna duten, literatura maite duten eta idazketaren sekretuak ezagutzea maite duten" altsasuar eta sakandarrei Testu bazka ekimenean parte hartzeko gonbitea egin die Kima euskara taldeak. Gure Etxean bilduko dira guztiak eta "lagundutako irakurketa bat" eginen da. Horretarako idazle baten testu labur bat irakurriko dute. Denen artean hura irakurri eta gero, saioaren gidariak proposatutako galderen bidez, guztien artean, testuari mamia, zukua, sekretuak, egitura eta beste ateratzen saiatzen dira. Kima euskara taldeak azpimarratu duenez "saio guztiak independenteak dira eta ez dago etxerako lanik. Horretaz gain, ez da aurretik ezer berezirik jakin beharrik". Ekimenak euskal idazleen lanak ezagutzeko aukera ematen duela ere nabarmendu dute. Interesatuek Altsasuko udal liburutegian eman dezakete izena apirilaren 17rako.