Merezimendu osoz, Miguel Indurain Sari Nagusia De la Fuenterendako

Guaixe 2009ko apirilaren 6a

Larunbatean Miguel Indurain Sari Nagusia jokatu zen Lizarran, eta talde boteretsuen faborito guztiei aurre eginez Fuji taldeko David de la Fuentek altxatu zituen besoak, ia ezustekoan. Egia esan txirrindularitzako lasterketa baten emaitza milaka faktorek baldintzatzen du - taldearen estrategia, taldekideen lana, arerioen maila fisikoa¬ eta txirrindulariaren lana lasterketari bukaera ona emateko - baina batzuetan faktore horiek guztiak alde edukitzeak ez du lasterketa bat irabaztea segurtatzen. Eta hain zuzen hori gertatu zitzaion larunbatean Caisse d´Epargneko Alejandro Valverderi. Antolatzaileek Puyra bost igoera gogor eta bigarren mailako bi mendate jarri zituzten ikusgarritasuna eskaintzeko, eta tropela ere inoiz baino lehiakorragoa zen, 9 ProTour talderekin. Halako baldintzetan hasieratik mugimendua izan zen nagusi. Euskaltelek oso indartsu ekin zion lasterketari eta ihesaldi saiakera guztietan talde laranjako ordezkariak ikusi genituen: hasierako ihesaldian Jorge Azanza izan zen, beste bi txirrindularirekin batera, eta ihesaldi inportanteenean Gorka Verdugo, beste hiru txirrindularirekin. Euskaltelen estrategia tropelaren kontrola eta lana Caisseri pasatzea zen, gero eurak errematatzeko. Baina Caissek argi ikusi zuen laranjen asmoa eta bere estrategia propioa prestatu zuen: ihesaldi guztien kontrola izateaz gain, Samuel Sanchezek eta Nocentinik lasterketa utzi zutenean Alejandro Valverdek garaipena lortzeko ahalegin guztiak egin zituzten. Eraul mendatearen bigarren igoerarako aukeraketa nagusia eginda zegoen: aurrean zeuden 20-30 txirrindularien artean erabakiko zen garaipena. Egoi Martinez han zegoen, baina garaipena lotzeko faboritoak Valverde, Rodriguez, Wegmann eta Schleck anaiak ziren. Valverde babesean heldu zen Puyko azken igoerara, baina momentu inportanteenean indarrek huts egin zioten eta atzetik indar bizian atera zen Fujiko David de la Fuente. Kantabriarrak puntutik atera zituen arerio guztiak eta metro batzuk lortu zituen. Indar erakustaldi bikaina eginez, uste baino errazago lortu zuen garaipena (5:09:05) esprintean. Txirrindulari sakandarrei dagokienez azkarrena eta itzuliko lehen nafarra Euskalteleko Egoi Martinez izan zen, helmugan 18.a sartu baitzen, 23 segundora. Ag2rko Jose Luis Arrieta 35.a izan zen, 1:42ra; Euskalteleko Gorka Verdugo 53.a, 7:15era; eta talde bereko Jorge Azanza 58.a, 7:40ra.