Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur hasi eta larunbatean despedituko da Euskal Herriko 49. Itzulia. Ohikoa denez oso itzuli gogorra izango da, portuz eta mendiz betetakoa, eta adituek uste dute asteazkeneko Arrateko igoera gogorrak eta azken eguneko 26 kilometroko erlojupekoak erabakiko dutela proba. Faboritoen artean Alberto Contador (Astana) dago, iazko irabazlea hain zuzen, eta baita Luis Leon Sanchez (Caisse d´Epargne), Cadel Evans (Lotto), Carlos Sastre (Cervelo), Schleck anaiak (Saxo Bank), Karpets (Katusha), Cunego (Lampre) eta Euskaltel-Euskadiko Samuel Sanchez. Ildo honetan, Egoi Martinez eta Gorka Verdugok Samuel Sanchezendako egingo dute lan. Bestalde, Ag2r taldeko taldeburua Jose Luis Arrieta uhartearra izanen da. Oscar Guerrero altsasuarrak zuzentzen duen Contentpolis Ampo taldea ere errepidean izanen da. Gaur Ataunen hasi eta despedituko den etapa gogorra izango dute txirrindulariek, 142,5 kilometrokoa. Gogor hasi beharko dira txirrindulariak, ez baitute porturik falta izango. Hirugarren mailako Urkillaga, Olaberria, Eizaga eta Deskarga izanen dituzte lehen txanpan, lasterketa erdian bigarren mailako Udana eta hirugarren mailako Atagoiti gaindituko dituztelarik. Etapa bukaeran Abaltzisketa, Gaintza eta Lazkaomendi izanen dituzte zain, apenas errekuperatzeko tarterik gabe. Ea nola moldatzen den tropela. Bihar lasterketa Sakanatik pasako da. Hain zuzen ere Ataundik atera eta Lizarrusti igo eta gero (13:34), Etxarri Aranatzera helduko dira txirrindulariak (13:49) eta Lizarragako bidea hartuko dute (13:56), lehen mailako Lizarragako gaina pasatzeko (14:08). Hortik Etxauri, Girgillano, Mañeru eta Lezaun gainak pasako dituzte, Villatuertara heltzeko. 164 km-ko etapa gogorra izango da, baina adituek diote ez dela erabakigarria izango.Asteazkenean Villatuerta-Eibar etapa eginen dute, etapa erregina, Arrate gainean despedituko baita lasterketa, sailkapenean eragin handia izango duena. Ostegunean Eibar eta Guëñes lotuko dituzte, ostiralean Güeñes eta Zalla, eta larunbatean 26 km-ko erlojupekoa, Zallan.