Beltza onena Urdiainen

Guaixe 2009ko apirilaren 5a

Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketan 12 aizkolari ariko dira, guztira, eta horietatik 10 badakigu zeintzuk izango diren: 2008ko txapelketan sailkatutako lehen zortziak - Nazabal txapelduna, Larretxea, Arria V.a, Lopez Azpilikueta, Olasagasti eta Arrospide - ; antolakuntzak gonbidatu duen Mikel Mindegia; Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako txapeldun Zubiaga, Atutxa II.a eta Azurmendi. Gainontzeko biak zeintzuk diren erabakitzeko guztira bost aurre kanporaketa antolatu ditu txapelketako antolatzaile Egur Sportek. Bada, atzo Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketako hirugarren kanporaketa jokatu zen Urdiaingo pilotalekuan. 8 aizkolari aritu ziren: aurreko asteburuan Arbizun aurrera egiteko txartela lortu zuen Goizeder Beltza etxarriarra, Juanjo Erdozia etxarriarra, David Amillano altsasuarra, Rodriguez I.a (El Espinar), Alkizalete II.a (Asteasu), Mendieta (Lemoa), Kañamares III.a (Arostegi) eta Elorriaga, min hartuta dagoen Gari Larretxearen tokia hartuta. Denak denen kontra aritu ziren, torneo moduko batean, 45 ontzako enborra moztuz. Eta Arbizun bezala, Goizeder Beltza izan zen onena. Itxura oso ona eman zuen etxarriarrak, jokatutako proba guztiak irabazita. Haren atzetik Segoviako Rodriguez I.a sailkatu zen, eta biek eginen dute aurrera, apirilaren 12an Beran jokatuko den hurrengo aurre kanporaketan lehiatzeko txartela lortuz. Atzetik sailkatu ziren Elorriaga, Amillano, Mendieta, Kañamares III.a, Alkizalete II.a eta Erdozia. Larunbateko Zegamako kanporaketan beste zortzi aizkolari lehiatu ziren eta onena aipatu segoviarraren semea izan zen, Rodriguez II.a, eta bigarrena Mugertza III.a. Bi hauek ere Berako kanporaketan ariko dira. Asteburuan bi kanporaketaUrrezko Aizkolarien Banakako Txapelketan aritzeko beste bi kanporaketa jokatuko dira asteburuan. Larunbatean, apirilaren 11n, Lekunberrin ondoko aizkolariak ariko dira, 19:00etan: Etxebeste, Ugarteburu, Saralegi, Olano, Jauregi, Patxi Mindegia, Barberena eta Mugertza II.a. Igandean, apirilaren 12an, 12:00etatik aurrera ondokoak lehiatuko dira Beran: Rodriguez I.a, Rodriguez II.a, Mugertza III.a, Goizeder Beltza, Txapartegi, Senosiain I.a, Mugertza I.a, Oihan Larretxea, Xabier Mindegia, Kañamares II.a, Castro eta Mujika. Orain arte moduan torneo baten moduan jokatuko dira bi saioak, 45 ontzako enborrarekin. Ea Beltzak, gure ordezkari sakandar bakarrak, aurrera egiten duen.