Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo abiatu zen Euskal Herriko 49. Itzulia, Lazkaon hasi eta despeditu zen 142,5 kilometrokoa. Etapa nahiko gogorra zen, gainez beteta: Urkillaga, Olaberria, Eizaga, Deskarga, Udana, Atagoiti, Abaltzisketa, Gaintza eta Lazkaomendi, azken hauek errekuperatzeko ia tarterik gabe. 21 txirrindularik osatutako tropeltxoa heldu zen Ataunera, eta esprintean argi nagusitu zen Caisse d´Epargneko Luis Leon Sanchez, tropeltxo horretara juxtu-juxtu sartu eta gero. Besoak zerurantz jaso eta ohikoa duenez, hildako bere anaia Leoni eskaini zion garaipena. Denboraldi honetan lehertu da Luis Leon Sanchez, eta dagoeneko lau etapa irabazi ditu: Haut Var Tourreko etapa bat, Mediterraneoko Tourreko etapa nagusia, Paris-Nizako etapa bat eta sailkapen nagusia eta Euskal Herriko Itzuliko lehena. Orain txapela janztea da bere asmoa. Ataundik abiatu eta berehala ihes egin zuten lau txirrindularik: Euskalteleko Aitor Hernandezek, Contentpolis Anpoko Gorka Izagirrek eta Jose Herradak eta Cofidiseko Bingen Fernandezek. Elkarrekin ondo ulertu ziren eta alde handia atera zioten tropelari - Urkillagan 7:10ekoa zen aldea - . Abantailak behera egin zuen baina ihes egindakoek bost mendate gainditu zituzten, eta 120 km inguru egin zituzten ihesi. Horregatik Hernandez da mendiko liderra eta Izagirre tarteko helmugetakoa. Baina ordurako tropelean Astana eta Lampre serio ari ziren lanean eta Abaltzisketa igotzen hasi bezain pronto harrapatu zituzten ihes egindakoak. Orduan Fujiko Ricardo Serranok eta Katushako Pfannbergerrek erasoa jo zuten baina faboritoek ez zieten ihes egiten utzi, badaezpada ere. Gaintzara bidean Caisse d´Epargne jarri zen buruan ondoren Euskaltel. Faboritoen taldeak ez ziren ezkutatu, beraz. Lazkaomendi igotzen hasi aurretik faboritoak ito nahi zituen Euskaltelek, eta Egoi Martinez jarri zen buruan. Faboritoak gogotsu zeuden - Cunego, Rodriguez, Luis Leon Sanchez, Contador, Sanchez... - arerioak zer egin erne eta zain. Cunego mugitu zen eta Rodriguezek jarraitu zion, tartea irekiz, baina Lazkaora jaisterakoan harrapatu zituzten beste faboritoek. Cunego, Rodriguez, Contador, Colom, Samuel Sanchez, Frank Schleck, Nibali, Evans eta Gesink zeuden bertan, eta atzean geratu zen Luis Leon Sanchez. Samuel Sanchezek laguntzeko eskatu zien beste zazpiei, taldetxoa bakar-bakarrik helmugara heltzeko, baina ez zuen erantzunik izan, nonbait lidergoa lehen egunetik hartzea saihestu nahi baitzuten gainontzekoek, eta aurrean egotearekin konformatzen ziren. Horrela, atzetik zetorren Luis Leon Sanchez eta beste txirrindulari batzuk batu zitzaizkien aurrean zihoazenei eta 21 txirrindularietako tropela heldu zen Lazkaora. Guztien artean Caisseko Luis Leon Sanchez nagusitu zen (3:28:43), Euskalteleko Samuel Sanchez eta Quick Stepeko Jerome Pineauren aurretik. Euskalteleko Egoi Martinez etxarriarrak lan bikaina egin zuen eta aurreko tropeltxo horretan heldu zen helmugara, denbora berean, eta haren taldekide Gorka Verdugo ere berehala zetorren, 22.a izan zen, 12 segundora. Ag2rko Jose Luis Arrieta 107.a sartu zen helmugan, 5:15era. Lehendabiziko etapa izanik, sailkapen orokorra ere horixe bera da. AdierazpenakLuis Leon Sanchezek adierazi zuen azken portuan gaizki pasatu zuela, baina taldekideek lagundu ziotela eta haiei esker irabazi ahal izan zuela proba. "Hurrengo egunetan denbora asko galtzen ez badut itzulia irabaz dezaket, azken erlojupekoak mesede egiten baitit" gaineratu zuen. Samuel Sanchezek pena zuen gurpil erdi eskas batengatik etapa galdu izanagatik, baina taldea eta bera ongi daudela ikustea inportanteena dela dio. Biharko Arrateko etapak eta larunbateko erlojupekoak lasterketa erabakiko dutela uste du Euskaltelekoak. Eta Contadorrek aipatu zuen oso motibatuta ikusten dituela arerioak, bereziki Colom, Samuel Sanchez eta Cunego, baina Frank Schleck, Evans, Luis Leon Sanchez eta Rodriguez ere bai. "Horiek dira indartsuenak eta irabazteko gogo handiena dutenak" esan zuen. Ikusi behar nola garatzen den lasterketa. Gaur Sakanatik pasako diraGaur lasterketa Sakanatik pasako da. Hain zuzen ere Ataundik atera eta Lizarrusti igo eta gero (13:34), Etxarri Aranatzera helduko dira txirrindulariak (13:49) eta Lizarragako bidea hartuko dute (13:56), lehen mailako Lizarragako gaina pasatzeko (14:08). Hortik Etxauri, Girgillano, Mañeru eta Lezaun gainak pasako dituzte, Villatuertara heltzeko. 164 km-ko etapa gogorra izango da, baina adituek diote ez dela erabakigarria izango. Hala ere, badaezpada adi egon beharko dute faboritoek, edozein erasok tarte handia zabaldu baitezake.