Atzo 49. Euskal Herriko Itzuliko bigarren etapa jokatu zen, Ataunen hasi eta Villatuertan despeditu zena. Tartean Lizarrusti gainditu zuten txirrindulariak, eta Etxarri Aranaztik pasa eta gero Lizarragara jo zuten txirrindulariek, Lizarragako portua igo eta gero Lizarraldean aritzeko. Bada, aspaldiko partez eguneko ihesaldiak fruitua izan zuen atzo. Lau txirrindularik egin zuten ihes, Lizarragako gaina igotzen: Vouygues Telecom taldeko Juri Trofimov errusiarra, Cofidiseko Rein Taaramae estoniarra, Oscar Guerrero altsasuarrak gidatzen duen Contentpolis-AMPO taldeko Manuel Vazquez, eta Rabobankeko Bauke Mollema. Euren arteko esprinta saihestu nahian, helmugarako 25 kilometro falta zirela, Lezaungo gainean, Trofimovek eta Taaramaek ihes egin zuten. Egia esan gorabeheraz betetako ihesaldia izan zen, kilometro batzuk geroago Trofimovek abiadura bizkortu eta atzean utzi baitzuen Taaramae. Baina honek, helmugarako 13 kilometro falta zirela harrapatu zuen. Helmugatik bi kilometrora berriro saiatu zen Tromifov, baina kilometro bat falta zenean han agertu zen atzera ere estoniarra, baina leher eginda. Azkenean, asko kostata, atzean utzi zuen Trofimovek eta etapa irabazi zuen (4:12:46). Taaramae 5 segundora sartu zen. Faboritoen taldea batera sartu zen, 1:10era. Arrateko gaurko etapa gogorra eta erabakiorra buruan, ahalik eta indar gutxiena xahutzeko intentzioarekin ibili ziren atzo, ihes egindakoak sailkapen nagusirako arriskutsuak ez zirelako. Horregatik, ihesaldirako "baimena" eman zuten talde boteretsuek, hori bai, ihes egindako txirrindulariek zuten 8 minutuko aldea minutu batera jaitsi eta gero. Ildo honetan, bereziki Caisse d´Epargnek egin zuen tropela tiratzeko lana, eta horregatik kexu azaldu ziren, gainontzeko taldeen babes gutxi izan omen zutelako. Sakandarrak tropel horretan heldu ziren, Euskalteleko Egoi Martinez 21.a, Euskalteleko Gorka Verdugo 57.a, eta Ag2r-ko Jose Luis Arrieta 85.a. Sailkapen orokorrean Caisse d´Epargneko Luis Leon Sanchezek jarraitzen du lider (7:42:39). Egoi Martinez 8.a da, denbora berean; Gorka Verdugo 22.a, 12 segundora; eta Jose Luis Arrieta 96.a, 5:15era. Aldeak sortuko dituen etapa gaurGaur Euskal Herriko Itzuliko etapa erabakiorretako bat jokatuko da, Villatuertan hasi eta Eibarren despedituko dena, Arraten. Lizarra, Murieta eta Antzin pasatuta Araban sartuko da lasterketa, Santikurutze Kanpezun, eta hirugarren mailako Azazeta pasa eta gero Gasteizera helduko da. Uribarri Ganboako bidea hartuko du ondoren probak eta Landatik Gipuzkoara sartuko dira, Arlaban pasata, Eskoriatzara eta Bergarara helduz. Ondoren etorriko dira bigarren mailako Karabieta, lehen mailako Ixua (Arrate), bigarren mailako Urkaregi eta atzera ere bigarren mailako Ixua, Arrate gainean despeditzeko, 172,5 km eginda. Etapa honek diferentziak sortuko ditu txirrindularien artean, eta batzuk itzulia irabazteko aukerik gabe geratuko dira. Lider aldaketa gerta daiteke ere. Sastrek adierazi moduan, "gaur hasiko da benetako lasterketa, bi aldiz igoko baikara Arratera". Euskalteleko Aitor Hernandez ere iritzi berekoa da. "Gaur itzuliko egun erabakigarrienetako bat izango da eta neurria eman beharko dugu". Eta Caisseko David Lopezek ere adierazi duenez "ikusiko dugu jendeak nola egiten dion aurre gaurko etapari. Urrutitik eraso egiten badigute, min handiagoa egin diezagukete". Baina Arrateko etaparekin batera, larunbateko azken etapa, Zallan hasi eta despedituko den 24 km-ko erlojupekoa, izango da Euskal Herriko Itzuliko txapela janzteko erabakiorrena. Hortaz, gaurkoan ongi ibiltzea eta erlojupekoan ere izango da giltza. Luis Leon Sanchezek gaurkoan denbora gehiegirik ez galtzea eta larunbateko erlojupekoan denbora hori errekuperatzea espero du. Contadorrek Cunego ikusten du Arraten garaile, edo bestela, Colom, Joaquim Rodriguez, Evans edo Samuel Sanchez. Samuel Sanchezek ongi ezagutzen du Arrate, eta onenen artean egotea espero du. Etapa erabakigarria denez, aurrenekoen inguruan amaitzen saiatuko dela adierazi du Contadorrek. Nolanahi ere gaurko etapa ikusgarria izango dela ez dago zalantzarik. Bestalde, bihar Eibar eta Guëñes lotuko dituzte, 161 km osatuz. Zazpi portu igo beharko dituzte: hirugarren mailako Areitio, lehen mailako Urkiola, bigarren mailako Bikoitz gane eta hirugarren mailako Garate, San Cosme, Humaran eta Beci. Hala ere, ez da etapa erabakiorra aurreikusten.