Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Dagoeneko mendi lasterketen denboraldia hasi da eta gure korrikalariak ere lanean hasi dira. Esaterako, martxoaren 29an Sara Korrika Trail 2009 mendi lasterketa jokatu zen Saran, 25 kilometrokoa eta 1.443 metroko desnibelekoa, eta 340 korrikalari aritu ziren. Irabaztea, azken urtetan bezala, Fernando Etxegarai beratarra izan zen (1:59:47). Helmugan sartu zen lehen sakandarra Dantzaleku Sakanako Ander Unzurrunzaga izan zen (2:10:38). Etxarriarra 13.a sartu zen helmugara, eta lehen beteranoa izan zen. Talde bereko Jose Antonio Salgado altsasuarra 123.a izan zen (2:38:43), Iturmendiko Santi Galarza 126.a (2:39:02) eta Arbizuko Josema Leitza 273.a (3:07:59). Egun horretan bertan, martxoaren 29an, Borriol mendi maratoia jokatu zen Castellonen. 42 kilometroko lasterketa gogorrak 4.900 metroko desnibela zeukan, eta 175 parte hartzaileetan azkarrena La Granja Valsain taldeko Raul Garcia izan zen (4:06:13). Dantzaleku-Sakanako Antton Zelaia korrikalaria bertan aritu zen eta 70. tokian heldu zen helmugara (6:14:51). Orain arte errepideetako lasterketetan aritzen zen urdiaindarra, baina mendiarekin ere probatzea erabaki du eta argi dago ongi joan zaiola. Bestalde, martxoaren 29an ere Adarrako igoera jokatu zen Urnietan, 15 kilometroko eta 1.700 metroko desnibeleko proba. 191 korrikalarien artean irabazlea Ionut Zinca gasteiztarra izan zen (0:58:35). Sakandarrei dagokionez, Uharte Arakilgo Angel Arrieta 11.a izan zen (1:07:38), herri bereko Jose Luis Beraza 22.a (1:09:27), Patxi Cano altsasuarra 42.a (1:15:19), Aingeru Azazeta 163.a (1:33:04) eta Jone Pelaez altsasuarra 174.a (1:35:42), emakumezkoen sailkapenean bosgarrena. Eta larunbatean, apirilaren 5ean, I. Aginagako Igoera erabaki zen Usurbilen, 14,1 kilometroko lasterketa. 144 parte hartzaileen artean Bilboko Driss Bensaid izan zen azkarrena (0:53:22). Jon Iñaki Araña arbizuarra 45.a izan zen helmugan (1:05:44). Hurrengo lasterketakAste Santuan ez da mendi lasterketarik izango, baina apirilaren 19an hiru mendi lasterketa garrantzitsu jokatuko dira. Ortzaizen, Baxenafarroan, 21 kilometro eta 1.050 metroko desnibela duen Lakako lasterkaldia izanen da (www.courselaka.net). Bestalde, Gasteizko maratoia izanen da jokoan (www.ascentium.org), 42 kilometroko eta 2.086 metroko desnibela duen proba, Banakako Euskadiko Txapelketa hain zuzen. Eta bukatzeko, Berako maratoi erdia egonen da jokoan, Manttale elkarteak antolatutakoa (www.manttale.com), 21 kilometrokoa eta 2.714 metroko desnibelekoa. Azken lasterketa Nafarroako Mendi Lasterketen I. Kopa mustutzen duen proba izango da. Nafarroako eta Euskadiko Mendi LasterketakAurten Nafarroako Mendi Federazioak antolatutako Mendi Lasterketen Nafarroako I. Kopa oso erakargarria da. Kopa hurrengo sei lasterketak kontuan hartuta erabakiko da: apirilaren 19ko Berako maratoi erdia; ekainaren 21eko Lakuntza-Aralar Mendi Lasterketa; ekainaren 28ko Izabako Camille Extreme (Euskadiko Koparako ere baliagarria izango dena); irailaren 20ko Uharte Arakil-Beriain kilometro bertikala; irailaren 26ko Olatzagutia-Urbasa lasterketa (Euskadiko Koparako ere baliagarria izango dena) eta urriaren 4ko Etxarri Aranazko Urbasara igoera eta jaitsiera.Proben informazioa www.mendikogune.com eta www.mendinavarra.com web orrietan topa daiteke, aipatu probak antolatzen dituzten kluben web orrietan gain. Hortaz, Sakanan antolatutako mendi lasterketek pisu handia izango dute Nafarroako Kopan. Etxarri Aranazkoa eta Lakuntzakoa dira proba beteranoenak eta aurrera jarraitzen dute, eta Olatzagutia-Urbasa lasterketa ere sendotzen doa. Baina poztekoa da Uharte Arakilen oso proba ikusgarria antolatu dutela ikustea: Beriainera kilometro bertikala. Ziurrenik proba ederra eta etorkizun handikoa izango da. Bestalde, Euskadiko Mendi Lasterketen Kopa ondoko lau lasterketetan erabakiko da: maiatzaren 2ko I. Arratzu Urdaibai, ekainaren 28ko Izabako Camille Extreme, uztailaren 26ko Zumaia-Deba-Zumaia eta irailaren 26ko Urbasa-Olatzagutia. Sakanako mendi lasterketetako korrikalari gehienek aipatu bi egutegiak osatuko dituzte, antolatzen diren beste lasterketa askotan lehiatzeaz gain. Esaterako, iaz denboraldi bikaina egin zuen Ander Untzurruntzaga etxarriarrak. Beteranoen Euskadiko Kopa irabazi zuen, Camille Extreme, Aloña igoera, Azpeitiako maratoi erdia, Atxondoko Sorgiñen Lasterketa eta Olatzagutia Urbasa probak beterano mailan irabaztearekin batera. Zegama-Aizkorri mendi maratoi entzutetsuan laugarrena izan zen. Eta aurten duen guztia emanen du ere. Gainontzeko korrikalarien asmoa ere ahalik eta hobekien aritzea izango da. Beraz, hasi da denboraldia eta ea orain arte bezalako emankorra den.