Deialdi ugari aberri egunerako

Guaixe 2009ko apirilaren 8a

Alderdi eta erakundeek iganderako hainbat deialdi egin dituzte. Baita bezperarako ere. Horren adibidea da Udalbidek egin duen deialdia. Erakunde horrek larunbatean, 11:00etatik aurrera, ekitaldia eginen du Bakioko Jata mendian, Euskal Herriko aberria Euskadi da lelopean. Nazio eztabaida guneak Irun eta Hendaia artean ospatuko du Aberri Eguna. Aldaketa garaia, burujabetza garaia lelopean 11:30ean abiatuko da bi herriak batuko dituen martxa. Ondoren Hendaian ekitaldiak izanen dira. Deialdi horrekin bat egin dute, besteak beste, Eusko Alkartasunak (ordezkaritza bat bidaliko du), Abertzaleen Batasunak, Batasunak edota Aralarrek. Eusko Alderdi Jeltzaleak bere kideak Bilboko Plaza Berrira deitu ditu. Ibarretxe eta Urkullu hizlari izanen dira 11:00etatik aurrera. Ekitaldiak Gora eta gora beti lelopean eginen ditu EAJk. Eusko Alkartasunak, berriz, bere jarraitzaileak Gernika-Lumora deitu ditu. Merkatuko plazan Koldo Amezketak hartuko du hitza. Bestalde, etxeetan euskal ikurrak jartzeko deia ere zabaldu dute.