Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Atzo eguerdian, Iruñeko Napardi elkartean Idiazabal gazta berria aurkeztu zuen izendapenaren kontseilu arautzaileak. Haren lehendakari Jose Mari Ustarrozek aurkeztutako ekitaldia izan zen, eta hainbat agintari izan ziren. Maher jatetxeko Enrique Martinezek moztu zuen denboraldiko aurreneko gazta, aldamenean hainbat sukaldari zituela. Asteazkeneko ekitaldian ere beste sukaldari batzuk izan ziren protagonistak, Julia, Juana Mari eta Manoli Hartza Sueskun. Hiruek ere 37 urtez kudeatu dute Iruñean Hartza jatetxea, iaz urtearekin batera ateak itxi zituzten arte. Lanean izan diren urteetan Idiazabal gazta eta sukaldaritza ona zabaltzeagatik omenduak izan ziren hiru altsasuarrak.Hiru ahizpek gaztagintza gertutik ezagutzen dute. Izan ere, haien aita, Gregorio Hartza Etxeberria, artzaina zen eta artaldearekin Urbasara igotzen zen. Haiek gazte zirela hil zitzaien aita eta tarte batez artaldearen ardura hartu zuten eta, aldi berean, gaztagintzan aritu ziren. Baina artaldea egoki gobernatzeko zailtasunengatik saltzea erabaki zuten.Ondoren, ostalaritzan hasi ziren lanean, Olaberriako Castillo jatetxean. 1971n Hartza Sueskun ahizpak euren kasa lanean hastea erabaki zuten eta Iruñeko Labrit kalean Hartza jatetxea zabaldu zuten eta ostalaritzan arrakasta eta izen ona lortu zuten. Artzain Egunaren barruan Nafarroako Idiazabal gaztaren txapelketa egiten da. Txapelketa horren hasieran parte hartze handia izan zuten Hartza Sueskun ahizpa altsasuarrek. Iruñean antolatu ziren jardunaldi teknikoetan ere parte hartu zuten.