Mugarri estaliak Bartzelonako Literaldian

Guaixe 2009ko apirilaren 23a

Bere emozioak, sentipenak, ideiak eta, orokorrean, mundua ulertzeko modua islatzeko arte disziplina anitz sortu ditu gizakiak. Horietako hiruk, literaturak, musikak eta pinturak bat egiten dute Mugarri estaliak lanean. Castillo Suarezen izen bereko liburuko poemen, Juan Miguel Arzelusen musikaren eta Koldo Arnanzen margolanen baturak sortu du ikuskizuna. Bartzelonako Euskal Etxean eskainiko dute gaur haien lana, iluntzeko 19:30ean. Hilaren 17an mustu zuten 2009ko Literaldia, euskal idazleei eskainitako zikloa, eta bertan sartu dute sakandarren lana. Literaldiak iraun bitartean bertan egonen dira ikusgai Koldo Arnanzen koadroak. Castillo Suarezek bigarren bidaia bat eginen du maiatzaren 22an, Leire Bilbaorekin batera poesia errezitaldia eskaintzeko. 2 urteAurki bi urte eginen ditu Mugarri estaliak elkarlan lanak. Denbora tarte horretan hasierako formatua handitu badute ere, bere horretan dirau lanaren funtsak. Sakanan sortu eta gero, Euskal Herriko hamaika txokotan ibili da Mugarri estaliak. "Jakin badakigu Sakanarekiko zorra dugula" onartu du Arzelusek, "horregatik lanaren saio berri bat prestatzen ari gara Lakuntzarako". Beraz, sakandarrok aurki izanen dugu Castilloren poesiaz, Arzelusen musikaz eta Koldoren margolanez gozatzeko aukera.