Beste bi garaipen Rural Kutxarendako

Guaixe 2009ko apirilaren 20a

Denboraldi hasiera bikaina egiten ari da Sakanako Rural Kutxa afizionatuen taldea. Aurreko igandean Beasaingo Loinaz Klasikoa irabazi zuen talde sakandarreko Guillermo Lanak, Extremadurako Enrique Salgueiro eta Telco taldeko Paul Kneppers menpean hartu eta taldearendako laugarren garaipena lortu zuen. Asteburu honetan lan bikaina egin du Rural Kutxak eta beste bi garaipen ekarri ditu Sakanara, guztira dagoeneko sei. Aipatu sei garaipenez gain, sei bigarren postu, bi hirugarren postu eta taldekako hamalau garaipen lortu ditu taldeak denboraldi honetan. Lehenik eta behin 23 urtez azpiko eta elite mailako Duranako lasterketan jaun eta jabe izan ziren Rural Kutxakoak, lehen hiru postuak lortu baitzituzten. Gatzagako gainetik bigarren aldiz pasatzerakoan Rural Kutxako Victor de la Parte izan zen lehena, tropelari aldea aterata. Gatzaga jaisterakoan haren taldekide Alex Fabregas eta Fabricio Ferrari batu zitzaion de la Parteri eta hirurak heldu ziren batera helmugara. Garaipena de la Partek lortu zuen (3:01:46), bere palmaresa mustuz, eta atzean sailkatu ziren Fabregas eta Ferrari, 3 segundora. Haien taldekide Guillermo Lana tropel nagusiarekin bosgarrena sartu zen, 1:22ra. Bigarrenik, Segoviako Cuellarren jokatutako lasterketan Rural Kutxako Jose Migel Fernandez nagusitu zen. Bigarrena haren taldekide Marquez izan zen. Hortaz, Rural Kutxak tripletea eta dobletea egin zituen aipatu bi lasterketetan. Bestalde, larunbatean 23 urtez azpikoek Hotel Iratxe Trofeoa jokatu zuten Aiegin, Jose Ziordia Memoriala. 111 km-ko proban 142 txirrindulari aritu ziren eta Seguros Bilbao taldeko Victor Cabedo izan zen irabazlea, Eguzkizako igoeran erasoa jo eta helmugara bakarrik helduta. 3 segundora sartu zen Rural Kutxako Arturo Ariño. Talde bereko Florentino Marquez eta Pablo Torres zazpigarren eta zortzigarren izan ziren, 20 segundora. Aipatzekoa da atzo afizionatuen Nafarroako Txapelketa jokatu zela Valtierran. 24 txirrindulari aritu ziren. Lizarte taldeko txirrindulariak izan ziren jaun eta jabe, lehen hiru postuak eskuratu baitzituzten, Javier Iriarte (2:53:21) buru zela. Elite mailako txapelduna da Iriarte. 23 urtez azpikoetan lehena Azysa taldeko Alvaro Lana izan zen (2:59:15) eta bigarrena Rural Kutxako Francisco Javier Moreno, denbora berean.