Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Estatuko B mailan dabilen Irurtzungo Xota taldeak ez zuen denboraldia oso ongi hasi baina behetik gora egin du. Eta nola gainera. Asteburuan 2-8 hartu zuen menpean Castejon, gol festa ederra ospatuz. Aldiz, Uharte Arakilgo Aralar Mendik hobe hasi zuen liga, lidergoa eta guzti eskuratuz, baina azken txanpa honetan behera egiten ari da. Asteburuan ere 7-9 galdu zuen Viaria taldearen kontra. Gauzak horrela, Kirol Sport taldeak jarraitzen du lider, 61 punturekin. Xotak primerako lana egin du eta Aralar Mendi gainditu du sailkapenean. Irurtzungo taldea hirugarrena da, 51 punturekin eta Uharte Arakilgo taldea laugarrena, 47 punturekin. Asteburuan despedituko da Estatuko B mailako liga, emozioa pil-pil dagoela. Xotak etxean jokatuko du, larunbatean, 17:00etan. 25 punturekin sailkapenean hamargarrena den UPNA hartuko du Irurtzungo kiroldegian. Aralar Mendik aldiz, Oliten jokatuko du, larunbatean, 18:00etan, 13 punturekin sailkapenean azkena den Nordecons Olite taldearen kontra. Ea bi taldeek garaipena lortu eta Estatuko A mailan aritzeko igoera faserako sailkatzen diren.