Zortzigarren postua arriskuan

Guaixe 2009ko apirilaren 21a

Ohorezko mailan dabilen Irurtzungo MRA Navarra Xotak arazoak dauzka. 26. jardunaldian bana berdindu zuen Playas de Castellonen kontra eta larunbatean Madrilen jokatutako lehian 5-1 irabazi zion Pintok MRAri. Azken partida oso inportantea zen MRArendako, zortzigarren postua egonkortzeko bidean. Baina baja inportanteak zituen Xotak: Pablo, Juanito eta Dani Fernandez. Egia esan Pintokoak hobeak izan ziren eta berehala sekulako aldea atera zuten markagailuan, 4-0 aurreratu baitziren 14. minuturako, izugarrizko presioa ezarriz. Atsedenaldia baino lehen Joelek MRA-ren gol bakarra izango zena sartu zuen. Bigarren zatian MRAkoak baloia gehiago mugitzen hasi ziren eta aukera gehiago izan zituzten, baina ez zuten asmatu. Pintokoek euren 5. gola sartu zuten eta nahiz eta Irurtzungoek Lukaian atezain-jokalari postuan jarri ez zuten markagailua aldatzea lortu. Partida bukaeran Imanol Arregik onartu zuen Pintokoek eurek baino "hobeagoak" izan zirela. Jakina, guztiak eragina izan du sailkapenean. Inter Movistar taldea da liderra, 60 punturekin. MRA Navarra zortzigarrena da, 34 punturekin, baina hurrengo jardunaldian atseden hartuko du eta gerta liteke zortzigarren postu hori galtzea, bederatzigarrena den Cartagenak 32 puntu dituelako eta Azkar Lugo hamargarrenak 31 puntu. Jakina da liga erabakitzeko play off-etara sailkapeneko lehen zortzi taldeak pasako direla, eta gerta liteke MRAk zortzigarren postu hori galtzea eta play off-etatik kanpo gelditzea, hiru jardunaldi gelditzen baitira denboraldia bukatzeko. Asteburuan atseden hartuko du MRAk, hurrengoan Fisiomedia Manacor hartuko du, eta azkeneko jardunaldian Inter Movistar liderraren kontra jokatuko du. Hortaz asko konplikatu da MRAren egoera, baina liga bukaeraraino ez dago ezer jakinik.