Nazabalek Zubiaga izanen du arerio, Mindegiak Azurmendi, Larretxeak Senosiain eta Azurmendik Jauregi. 23 urtez azpikoan Vazquezek Alkizaleteri eginen dio aurre63 aizkolarik eman zuten izena Egur Sport enpresak antolatutako Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketarako. Aipatu txapelketan 12 aizkolari aritzekoak ziren eta horietatik 10 aukeratuak zituen antolakuntzak: 2008ko txapelketan sailkatutako lehen zortziak -Nazabal txapelduna, Larretxea, Arria V.a, Lopez Azpilikueta, Olasagasti eta Arrospide-; antolakuntzak gonbidatutako Mikel Mindegia; eta Araba, Bizkaia eta Gipuzkoako txapeldun Zubiaga, Atutxa II.a eta Azurmendi. Gainontzeko biak erabakitzeko guztira bost aurre kanporaketa antolatu zituen Egur Sportek. Aurrekanporaketek utzi zutenaAurre kanporaketa horietan denak denen kontra aritu ziren aizkolariak, torneo moduko batean, 45 ontzako enborra moztuz. Aurre kanporaketa bakoitzean 8 aizkolari aritzen eta lan onena egiten zuten bi aizkolariek hurrengoan parte hartzeko txartela lortzen zuten. Goizeder Beltzak lan ederra egin zuen, bi kanporaketa gaindituz, Arbizukoa eta Urdiaingoa. Baina Beran jokatutako kanporaketan bidean geratu zen. Arbizuko kanporaketan, euren lehen parte hartzean, kanpo geratu ziren Iñaki Vazquez "Sakana" eta Aritz Goñi, eta Urdiaingo kanporaketan, euren lehen parte hartzean, David Amillanok eta Juanjo Erdoziak ez zuten aurrera egin.Aurre kanporaketa hauetako ezusteko atsegina Sakanako Aizkora Eskolan formatu zen Arkaitz Jauregi arabarrak eman zuen. Ilarduiako Lezekoa Lekunberriko aurre kanporaketan sartu zen lehian, eta hura pasatzea lortu zuen. Igandean, Altsasun, azken aurre kanporaketa jokatu zen eta sorpresa handia emanez, Arkaitz Jauregi bigarrena sailkatu zen, Antonio Senosiainen atzetik, eta Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketarako sailkatzea lortu zuten biek. Jauregik Floren Nazabalen laguntza izan zuen Altsasuko aurre kanporaketan, Sakanako Aizkora Eskolako bere irakasleetako bat hain zuzen. Denbora gutxian salto handia eman du arabarrak. Haien atzetik Rekondo sailkatu zen - txapelketako lehen ordezkoa izanen da - eta segidan Mugertza I.a, Etxeberria, Erasun eta Vicente. Nazabal A multzoan eta Jauregi D multzoanBada, asteburu honetan hasiko da Urrezko Aizkolarien Banakako Txapelketa. Elite mailan ariko diren 12 aizkolariak 4 multzotan banatu dituzte. A multzoan Nazabal, Atutxa II.a eta Zubiaga ariko dira; B multzoan Arrospide, Arria V.a eta Rekondo; C multzoan Larretxea, Lopez Azpilikueta eta Senosiain; eta D multzoan Mindegia, Azurmendi eta Jauregi. Lehenik eta behin multzo bakoitzeko aizkolariek ligaxka jokatuko dute eta onenek eginen dute aurrera. Datozen lehiakElite mailako Urrezko Banakako Txapelketa asteburuan hasiko da. Larunbatean, hilak 25, Leitzan, 17:00etan, Mikel Mindegia eta Iñaki Azurmendi ariko dira elkarren kontra. Igandean, hilak 26, 12:00etan, Zumaian, elite mailako beste bi norgehiagoka izanen dira: Floren Nazabal etxarriarrak Jose Angel Zubiaga izanen du aurkari eta Angel Arrospidek Jon Rekondo. Asteartean, apirilak 28, San Prudentzio eguna, Donato Larretxea eta Antonio Senosiainen arteko lehia hartuko du Gasteizko Armentiak, 12:00etan. Eta egun berean, Lazkaon, 18:30ean, Iñaki Azurmendi eta Arkaitz Jauregi ariko dira. Lazkaon ere 23 urtez azpiko Banakako Txapelketa abiatuko da, eta Iñaki Vazquez "Sakana" altsasuarrak Jokin Alkizaleteri eginen dio aurre, D multzoko ligaxkan. Elite mailakoek egin beharreko lana ondokoa da: kolpeka 45 ontzakoa moztu, erloju kontra 45 ontzakoa moztu, etzanda 60 ontzakoa erdibitu, zutik kana erdikoa ebaki, eta txanda luzean, kana erdiko bi enbor eta 60 ontzako bi enbor ebaki. 23 urtez azpikoek aurrekoen lehen bi lanez gain etzandako kana erdikoa ebaki beharko dute, zutik dagoen 45 ontzakoa erdibitu eta lan luzean kana erdiko lau enbor erdibitu. Iazko txapeldun Floren Nazabal faborito nagusienetakoa da, eta pentsatzekoa da Zubiaga baino gehiago izango dela. Hala ere arerioa ez da sekula gutxietsi behar eta ea lan polita eginez puntuak pilatzen joaten den etxarriarra.