Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Gaur jokatuko da Ardenetako bigarren proba, 73. Fleche Wallonne klasikoa. Ibilbideak 195 kilometro pasatxo izango ditu eta lasterketaren ezaugarri diren 11 horma edo kota igo beharko dituzte. Aurtengo berrikuntza nagusia Bousalleko Kota izango da, helmugatik 22 kilometrora jarri dutena. Helmuga, azken urteotan bezala, Huyko Horman egongo da. Nahiz eta 1.300 metro bakarrik izan arren, une askotan %15eko aldapak ditu horma honek. Igoera motz baina pikoetan ongi moldatzen diren txirrindulariek aukera bikaina izango dute goi-mailako garaipen bat eskuratzeko. Iaz, sekulako euri-jasaren azpian Kim kirchen luxenburgotarrak garaipen ikusgarria lortu zuen. Faboritoen zerrenda luzea da oso, baina Damiano Cunego (Lampre), Alejandro Valverde (Caisse), Davide Rebellin (Diquigiovanni), Cadel Evans (Silence), Andy Schlec (Saxo Bank), Serguei Ivanov (Katusha) eta Karsten Kroon (Saxo Bank) izan daitezke aipagarrienak. Samuel Sanchez izango da Euskaltel-Euskadiko buru eta faboritoen artean egon nahi du. Hari laguntzen Egoi Martinez eta Gorka Verdugo izanen dira. Hirurek ere primerako lana egin dute Euskal Herriko Itzulian, eta sasoi betean daude. Bestalde, Ag2r taldeko Jose Luis Arrieta ere lanean izango da. Ea zer moduz doakien guztiei.