Rebellinek bere hirugarren Fleche Wallone irabazi zuen atzo

Guaixe 2009ko apirilaren 23a

Atzo Ardenetako bigarren proba jokatu zen Holandan, Fleche Wallone klasiko ezaguna. Ibilbideak 195 kilometro pasatxo zituen eta txirrindulariek lasterketaren ezaugarri diren 11 horma edo kota igo behar izan zituzten. Atzoko nobedadea helmugatik 22 km-ra zegoen Bousalleko Kota izan zen, baina helmuga, ohikoa den moduan, Huyko Horma gogorrean egon zen. Etapa irabaztea zen irteera hartu zuten oilarren asmoa, baina azkenean bat garaile izan behar eta Liquigiovani taldeko 37 urteko Davide Rebellin beteranoa izan zen lehena Huyen, eta bere hirugarren Fleche Wallone eskuratu zuen. Kaskoa behin eta berriz ukituz heldu zen helmugara, han Unico1 fundazioaren logotipoa marraztuta baitzuen, gaixotasun degeneratiboak dituzten haurren bizi baldintzak hobea helburu duen fundazioa, eta haiei eskaini zien garaipena. Zazpigarren kilometroan Agritubeleko Christophe Moreauk ihes egin zion eta Skil Shimanoko Fumiyuki Beppu batu egin zitzaion. Kilometro ugari egin zituzten ihesean, helmugarako 25 km falta zirenean harrapatu zituzten arte. Izan ere tropela sutan zihoan, eta Euskaltelek, Caisse d´Epargnek, Silence Lottok eta Saxo Bankek lana egin zuten tropela tiratzeko. Eta lasterketa bukaeran eraso saiakerak bata bestearen atzean etorri ziren, baina Rabobank eta Silencek, bereziki, ihes egindakoen asmoak zapuztu zituzten. Huyko oinera bat eginda heldu ziren 40 bat txirrindulari, eta Saxo Bankeko Andy Schleck eta Silenceko Cadel Evans berehala nabarmendu ziren, baina hor zegoen Rebellin, euren erritmoari eutsiz, sekulako erakustaldia eman eta lasterketa bereganatu zuena (4:42:15). Schleck izan zen bigarrena, 2 segundora eta hirugarrena Lampreko Damiano Cunego, denbora berean. Euskalteleko Samuel Sanchezek primerako lana egin zuen eta laugarrena sartu zen helmugan, 7 segundora. Sanchez oso kontentu zegoen taldeak egindako lanarekin. Izan ere Pereztarrak, Isasi, Oroz eta Verdugok talde lan garrantzitsua egin zuten etapa ia guztian, eta azken kilometroetan Landaluzeren eta Egoi Martinezen laguntza jaso zuen Sanchezek. Sakandarrei dagokionez, Egoi Martinez 64.a sartu zen, 1:24ra. Gorka Verdugo eta Ag2rko Jose Luis Arrieta erretiratu egin ziren.