Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Nafarroako Herri Kirol Federazioak antolatuta, Nafarroako Goma Gaineko 4x4 Sokatira Txapelketa hasiko da asteburuan. Lau multzotan jokatuko da txapelketa: gizonezkoena (300 kilo), emakumezkoena (265 kilo), emakumezkoena (260 kilo) eta kadete mailakoena, talde mistoetan (295 kilo). Guztira hiru talde sakandar ariko dira. Emakumezkoen 265 kiloko txapelketan Sakana taldea lehiatuko da, Beti-Gazte, Berriozar eta Amaiur taldeekin batera. Eta kadeteen txapelketan, talde mistoetan (295 kilo), Sakanako Andra Mari eta Putterri taldeak ariko dira, Basaburuarekin eta Txantrearekin batera. Txapelketa liga sistema bidez jokatuko da, hiru jardunalditan. Lehendabiziko jardunaldia larunbatean jokatuko da, hilak 25, Zugarramurdiko frontoian, 18:00etatik aurrera. Bigarren jardunaldia maiatzaren 2an hartuko du Arbizuko kiroldegiak, 17:00etan, eta maiatzaren 16an jokatuko da hirugarren eta azken saioa, Berriozarko Eguzki plazan, 17:00etan. Ea zer moduz moldatzen diren Sakana taldeko neskak eta Andra Mari eta Putterri talde mistoak.