Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Apirilaren 23a genuen atzo, Liburuaren Eguna. GUAIXEren azken astean iragarri genuen bezala, aste osoan zehar bete-bete egon da Sakanako liburutegien agenda. Liburutegiek berek antolatuta edo Nafarroako Gobernuak bideratuta, gustu guztietarako jarduerak izan ditugu: txotxongiloak, ipuin-kontalariak, tailerrak... Unai Elorriagarekin solas egiteko aukera ere izan dugu! Pasatu da Liburuaren Eguna, baina liburuak eta haien egileak omentzeko eta irakurzaletasuna bultzatzeko jarduerek oraindik ere aurrera darraie. Gaur bertan, arratsaldeko 19:00etan, Altsasuko Iortia kultur gunean, hegan jarriko gaituzte Birgiñe Albiraren ipuinek. Datorren asteazkenean, hilaren 29an, 17:30ean, Olaztiko liburutegiak hartuko du txanda, Patricia Eneritz ipuin kontalariarekin. Haur eta gazteendako web orria Liburuaren Egunaren inguruan sortu badira ere, badira haratago joanen diren egitasmoak. Esaterako, atzotik atal berria dauka Altsasuko Udal Liburutegiaren www.bibliotecaspublicas.es/altsasu web orriak, haur eta gazteei zuzendutako atala. Atal honen bidez liburuenganako maitasuna sustatu nahi dute irakurle txikienengan. 0 eta 16 urte artekoei zuzenduta dago bereziki, baita adin horretako seme-alabak dituzten gurasoei eta hezitzaileei ere. Bertan, liburutegiari buruzko informazio orokorra, hilabeteko jarduerak eta gomendatutako liburuak aurki ditzakete. Guraso eta hezitzaileendako tartea ere badago. Guztiendako ere liburuen mundura gerturatzeko aukera polita da. Irakurle klubaOlaztiko Udal Liburutegiak ere deialdi interesgarria egin du: Irakurle klubean parte hartzera gonbidatu ditu herritarrak. Eta esan beharra dago deiak erantzun paregabea izan duela: datorren asteartean, apirilaren 28an, 17:00etan izanen dute lehen hitzordua herriko kultur etxean eta, dagoeneko, 25 bat lagunek eman dute izena. Anita Nair-en El vagón de las mujeres liburua izanen dute hizpide lehen saio honetan, Indiako emakumeak protagonista dituen liburu ederra. Richard Martin arduratuko da saioa dinamizatzeaz. Olaztiko liburuzain Arantxak jakinarazi digunez hilean behin saio bat egiteko asmoa dute. Herritarren erantzuna ona bada, udaran oporrak hartu eta urrian itzuliko da ekimena.