BILBAO- NEW YORK- BILBAO

Guaixe 2009ko apirilaren 24a

Poesia munduan hain ezaguna dugun Kirmen Uribe Urbieta (1970) idazle ondarrutarra bere lehendabiziko eleberriarekin datorkigu. Haren familiaren hiru belaunaldiren historia kontatzen digu Bilbotik New Yorkera egindako hegaldian. XIX. mendean hasi eta XXI. mende artekoa :  Ondarru herri arrantzalearena, aiton-amonen gerraurrekoa, gurasoen garaiko frankismoarena, idazle beraren historia hain zuzen ere. Aurelio Artetaren koadro batek hasiera eta amaiera emango dio kontakizunari idazleak berak kontatuko duen zenbait oroitzapen, istorio eta pasadizoren bidez."New York mundua da, metafora bat: Euskal Herritik mundura, mugimendu bat. Mugimendu horrekin azaldu nahi nuen nire egoera pertsonala eta baita gure Euskal Herriarena ere . Bertan kontatzen ditut iraganeko kontuak, nolako a zen gure herria duela berrogeita hamar urte, edo ehun urte...eta nolakoa gaur egun. Nolako aldaketak jasan dituen." Autofikzioa da, hau da, autobiografia eta nobelaren artekoa narratzailearen identitatearekin jolasten baitu. " Itsasoari loturiko bizimodu galtzoriko bat egindako aitortzarekin batera, bizitzari berari eta gizatasunari eskainitako omena. Liburu berezia, errexa..Kirmen Uriberen beldurrak, mamuak, sentimenduak...agertzen dira" kontatzen du idazleak. "Beldurrik gabe idatzi dut eta biluztu naiz. Nor naizen jakin nahi nuen".Estilo berritzailea eta originala da Kirmenena ohiko samurtasun eta sentsibilitatez kontatua. Erraz irakurtzen den liburua dugu hau.Espainiako Literatur Kritikaren Saria jaso berria du nobela honengatik eta horrek liburua plazaratu zenean sortu zen polemika beharbada areagotu egingo du batzuen iritziak ahulduz eta besteenak indartuz: "apustu ausarta bai baina hondoratzen den gertaerarik gabeko istorio metaketa besterik ez dena; hedabideek puztutako espektatiba handiak sortu dituena; poeta aparta baina nobelagile eskasa;  goxotasun handiko istorio gozagarria; originala eta mugak gainditzen dituen kalitate handikoa; pertsonaia goxo, samur eta txukunak dituena..."Kritikak eta kritikariak  berak ere kritikatu egin dira eleberri honen kalitatea dela eta."Sari honek lasaitu egiten nau, baina pozik nago eztabaida sortu delako, eta iritzi guztiak dira errespetagarriak, orain ere bai. " -esan berri du Kirmen Uribek.Orain zure txanda da, irakurle. Zer deritzozu horri?Izaskun Etxeberria Zufiaurre.