Sakabanaketaren salaketa

Guaixe 2009ko apirilaren 20a

Etxerat erakundeak antolatuta pasa den astean hainbat ekimen egin ziren Euskal Herrian barna. Ekimen guztiak euskal geografian barna ibilitako sakabanaketaren kontrako martxa baten bidez lotu ziren. Guztien helburua presoen sakabanaketa politika salatzea, hura ezarri zenetik 20 urte bete direnean. Presoen senide eta lagunak biltzen dituen erakundeak ekimen horien bidez salatu nahi izan zuen sakabanaketak "sufrimendua besterik ez duela ekarri". Nabarmendu zutenez, 20 urte horietan "21 euskal preso hil egin dira espainiar eta frantziar Estatuetako ziegetan. Hori gutxi balitz, bisita egitera zihoazen 16 senideek ere heriotza topatu dute sakabanaketa dela-eta". Hildako presoen artean Peio Mariñelarena etxarriarra dago eta, aurreko ostiralean martxan Etxarri Aranatzen egindako geldialdian, gogoan izan zuten. Plazan egindako ekitaldian 200 bat pertsona bildu ziren. Martxak bestalde Sakana zeharkatu zuen. Goizean auto karabana egin zen Irurtzun eta Arbizu artean. Han harrera egin zieten  eta bazkaltzera  gelditu ziren. Ondoren, karabanak Ziordia arteko bidea egin zuen.