Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateko langileek beste lanuzte bat dute iragarrita

Guaixe 2009ko apirilaren 23a

Asteazkenean udal ordezkari gutxi bildu zituen bilera batean langileek haien egitekoen berri eman zutenOrdurako egoera ez bada bideratzen, Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateko 14 langileek heldu den asteazkenean beste bi orduko lan uztea eginen dute, 10:30etik 12:30era. Atzo ere geldialdia egin zuten eta horren ondorioz etxez etxeko zerbitzurik ez zen izan, hitzorduak anulatu ziren eta prestakuntza ikastaro bat atzeratu egin zen. Lan uzte horiekin, Burunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateko langileek lan baldintzak eta funtzionamendua "hobetzea" nahi dute. Zehaztu zutenez, "gure egoera hobetzeko mobilizatzen ari gara, baina baita mankomunitatearen funtzionamendua hobetzeko ere, populazioan eragina izanen duena". Egoera luzatzen bada bestelako neurriak hartzea ez dute baztertzen langileek. BileraAtzokoan aldeak bildu ziren. Langile gehienak izan ziren  bileran. Mankomunitateko zazpi ordezkarietatik 3 izan ziren bileran (Olaztiko bat bera ere). Bilerara mankomunitatea hartzen duen hiru herrietako zinegotzi guztiak deituak zeuden ere. Baina, bilera bukaeran, beste batzorde bat bukatu ondoren Altsasuko zenbait zinegotzi sartu ziren. Panorama hori ikusita langileak "asko haserretu" ziren. "Bilerara arduradun politikoak ez agertzea negoziazioaren martxaren adierazle da. Gizarte zerbitzuak ez zaizkie zinegotziei interesatzen". Hala adierazi digute langileen ordezkari diren Asun Bergera Zelaiak (LAB) eta Alodia Alvaro Igoak (ELA). Biek esan digutenez, ordu eta erdiz egon ziren haien zereginaren berri ematen. Langileen ordezkariek jakinarazi digutenez "ez genuen proposamenik jaso. Aurretik udalek adostu behar dutela esan ziguten". ProposamenaBurunda mendebaldeko Gizarte Zerbitzuetako Mankomunitateko behin behineko buru da Fernando Fuste, Mª Jose Notariok arrazoi pertsonalak argudiatuta, kargua bi hilerako bere esku utzi baitu. Fustek aitortu digu arduradun politikoen ordezkarien presentzia eskasa izan zela eta kezkagarritzat jo zuen. NaBaiko zinegotziak jakinarazi digunez, bere koalizioak langileei egiteko proposamen bat landu du. Proposamen hori mankomunitateko zuzendaritzan ordezkaritza duten hautetsi independentistei eta PSNri eman diete. Fustek esan digunez, "beste taldeen erantzuna ahal bezain laster jaso nahi dugu, heldu den astean langileei komunitzeko". Mankomunitateko buruak esan digunez, bi aste barrurako erakundeko batzarra deituta dago eta ordurako langileek proposamena "onartu, atzera bota edo beste bat egin duten jakin nahiko genuke". Fustek esan digunez, "akordioa lehenbailehen lortu behar dugu bestela arazoak areagotu eginen baitira".