Maiatzean hasiko da Mankomunitatea hondakinen tratamenduko tasa kobratzen

Guaixe 2009ko apirilaren 23a

Sakanako Mankomunitateari lau hilero ordaintzen dizkiogu hiri hondakinen tratamenduko tasa banakoek eta jarduera ekonomikoa dutenek. Aurten, hala ere, aurreko urteetan baino kopuru handiagoa ordaindu beharko dugu guztiok ere. Izan ere, Europako araudia bete eta hiri hondakinen tratamendu egokiagoa eta modu bateratuagoan egiteko, Sakanako Mankomunitatea Nafarroako Hiri Hondakinen Partzuergoan sartu zen. Partzuergo horren bidez, Sakanako hondakinak Tuterako biometanizazio plantan bukatuko dute, energia elektrikoa edo konposta bihurtuta. Horrek ordea kostua dakar eta ordaindu beharreko tasetan isla izanen du. Beraz, aurrerantzean bi kontzeptugatik ordaindu beharko dugu: Sakanako Mankomunitateak egiten duen hondakinen bilketagatik eta bestea partzuergoak hondakinei ematen dien tratamenduagatik. Ordaindu beharrekoaBeraz, etxe jabeek lau hilero 30,82 euro ordaindu beharko dizkiote mankomunitateari (92,46 euro urteko). Haietatik 21,33 mankomunitatearen beraren zerbitzuagatik dira eta gainontzekoa 9,49 euroak partzuergoaren hondakin tratamenduagatik. Bestalde, jarduera ekonomikoen zerga ordaintzen dutenei dagokienez, jarduera bakoitzari dagokiona ordaindu beharko diote Sakanako Mankomunitateari eta, horretaz gain, lau hilero 11,93 ordaindu beharko dute (39,70 euro urteko). Sakanako Mankomunitateak jakinarazi duenez, aurten berari ordaindu beharreko atalean %7ko beherapena egin du. Neurri hori Arbizun dagoen hondakindegian zabor gutxiago lurperatu behar delako hartu du.