Eduki hau partekatzeko esteka arbelera kopiatu da.
Ostiraleko ekitaldi jendetsu eta hunkigarrian Kalitate Egitasmo Integratuko (KEI) ziurtagia jaso zuten Manolo Etxeberriak eta Esther Garaialdek, ikastolako lehendakariak eta zuzendariak, Aurelio Villaren eskutik. Aurelio Villa, Deustuko Unibertsitateko irakasle eta Horreum Fundazioko lehendakaria da. Aipatu erakunde horrek sortu du hezkuntzarako propio sortutako kalitate eredua KEI. Ekitaldira hainbat ordezkari gerturatu ziren: lan mundua, kultura eta hezkuntza lanbideko hainbat lagun. Horien artean, Ikastolen Konfederazioko lehendakaria, Koldo Tellitu, eta zuzendaria, Iñaki Etxezarreta, baita Nafarroako kideak ere, Izaskun Arratibel eta Pello Mariñelarena eta beste hainbat ikastoletako ordezkariak ere. Erakundeek ere parte hartu zuten ekitaldian. Nafarroako Gobernuko Ordenazio, Kalitatea eta Berrikuntza Departamentuko zuzendari Teresa Aranazek Ikastolaren lorpena goraipatu zuen eta Iñaki Migel Altsasuko Udalaren zinegotziak, Urdiain, Olatzagutia eta Ziordiko udalen ordezkari gisa hitz egin zuen. Hitz ederrak bota zituen Miguelek ikastolako ibilbidearen inguruan. Ematea Ekitaldi alaia eta hunkigarria izan zen ostiralekoa. Haize Berriak Musika Bandako klarinete laukoteak musika ederrarekin bete zuen Iortiako aretoa. Ikastolaren hainbat alorretako argazkiekin egindako ikuskizuna proiektatu zen. Ziurtagiria jaso eta gero, ohorezko aurreskua dantzatu zuen Aitor Beramendi ikasle ohiak. Bukaeran primerako auzatea eskaini zuen ikastolak. Egun, Euskal Herriko 16 ikastola daude honetan murgilduta. Horiekin batera, estatuko eta Hego Amerikako ehun ikastetxe baino gehiagotan ari dira. Altsasukoa, ziurtagiria jaso duen lehen ikastetxea izan da.