503 mendigoizale XX. Sakanako Ibilaldi Handian

Guaixe 2009ko apirilaren 27a

Kalean egoteko ez zegoen giro, baina Irurtzungo Iratxo elkarteak antolatutako XX. Sakanako Ibilaldi Handian aritu ziren mendizaleak ez ziren kexu. "Mendian aritzeko primeran dago. Xiri-miriak gehiagora egiten ez badu bikain" zioten goizeko 6:00etan Irurtzundik atera, Txurregi igo, Satrustegiko mendilerroa pasa eta San Donatora igo ondoren goizeko 10:00etan Uharte Arakileko hornidura gunera heltzen zihoazen mendizaleek. Izan ere, iazko berotearekin alderatuta, ibiltzeko eguraldi hobea zen larunbatekoa. Horren isla, mendizaleak arinago aritu ziren mendian, eta bidea osatzeko bataz besteko denbora 11 ordukoa izan zen, iaz baino gutxiago. Nahiz eta euriak bidea zaildu ez zen aparteko arazorik egon. Gurutze Gorriko 10 boluntarioek zaindu zuten eremua, bi todo terrenorekin, quad batekin eta anbulantzia batekin.  Baina akaso okerrago egongo zelakoan izena emana zutenetako asko ez ziren agertu eta 100 baja pasatxo izan ziren. Iratxo elkarteko kide Pello Alzuetak azaldu zuenez 503 pertsonek hartu zuten irteera. Mendizaleek bi aukera zituzten, A aukera, Hiru Baselizak izenekoa (55.400 metro, 3.000 metroko desnibela eta San Donato, San Migel eta Trinitatea ermitak lotzen dituena), eta B aukera, Ibilaldi Handia izenekoa (46.000 m, 2.230 metroko desnibela, Trinitatera igotzen ez dena, laburragoa), baina gehienek A aukeraren alde egin zuten. Bi ibilbideak Euskal Herriko Ibilaldi Luzeko Zirkuituan eta Nafarroako Mendi Ibilbideen Zirkuituan sartuta daude. Antolakuntza, bikainaMendizale gehienak Euskal Herrikoak ziren, baina Bartzelona, Kantabria eta Burgosetik etorritako mendizaleak ere hurbildu ziren Ibilaldi Handira. Guztiek "antolakuntza bikaina zela" nabarmendu zuten. "Ibilaldi onenetakoa da, eta hobekien antolatutakoa" zioten askok. Guztia behar bezala prestatzeko 50 kide aritu ziren lanean. Indarrak berreskuratzeko denetarik zuten hornidura guneetan: edariak, salda, fruta, txokolatea, fruitu lehorrak, hestekiak... denetatik. Uharte Arakil, Aralar eta Irurtzungo hornidura guneetara hainbat ikusle hurbildu ziren, mendizaleak heltzen ikustea eta hornidura guneetan murgiltzea espektakulu hutsa baita. Ibilaldi Handia gogorra bezain ederra da, baina larunbateko hodeitzarrek ez zuten Sakanako Ibilaldiak eskaintzen dituen Sakanako bista paregabeetaz gozatzeko aukera eman. Iratxoko kide eta ibilaldiko partaide Ramon Dorronsorok adierazi zuenez "Txurregitik Olloko bailara ikusten zen". Ibilaldia bukatuta Surya masaje eskoletako kideek masaje ederra eskaini zieten parte hartzaileei eta dutxa ederra hartu eta hornidura guneetan indarrak berreskuratu eta gero, hurrengo urterako zita egin zuten mendizaleek.